Hilaren 30ean amaituko da Joxe Takolo bekara proiektuak aurkezteko epea

Uztarria.eus 2017ko ira. 4a, 12:43
Bekari gehitutako egokitzapenen artean dago diru-laguntza iragartzeko irudi berria.

Zenbait aldaketarekin eta indarberrituta egin dute bekarako deialdia Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Udalak. Goi-mendizaletasunarekin lotutako proiektuak bultzatzeko 3.000 euroko diru-laguntza da Joxe Takolo beka. Eskari-instan­tziak Udalaren erregistroan aurkeztu beharko dira.

Hilabeteetako lanaren eta ikerketaren ostean, joan den ekainean itzuli zen goi-mendizaletasunarekin lotutako proiektuak bultzatzeko Joxe Takolo beka, "berrituta eta indartuta". Azken urteetan deialdira aurkeztutako lanen kalitatea eta kopurua jaitsi zela ikusita, kezka agertu zuten Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Azpeitiko Udalak iaz. Horregatik, 2016ko diru-laguntza Lagun Onak MBk jaso zuen, hiru helburu nagusirekin: inguruotako mendi zaletasuna ikertzea eta sustatzea, bekaren egoera aztertzea eta Azpeitian zein Euskal Herrian Takolo zenaren irudia zabaltzea. Ikerketa burututa, aurten egokitzapen batzuk egin dituzte 3.000 euroko beka indartzeko. Hori dela eta, inoiz baino beranduago zabaldu zuten bekara proiektuak aurkezteko epea. Hasiera batean, abuztura bitartean aurkez zitezkeen lanak, baina epea luzatzea erabaki dute diru-laguntzaren sustatzaileek, eta interesa dutenek irailaren 30era arte izango dute proiektuak aurkezteko aukera. 

Bekaren oinarriak

Lagun Onak MBk eta Udalak egindako ikerketaren ostean, bekaren oinarriak aldatzea adostu zuten diru-laguntzaren sustatzaileek, bekara aurkeztutako "proiektuen kalitatea hobetzeko". Honako hauek dira oinarri berriak:

  • Joxe Takolo bekara aurkezten diren proiektuak, goi mendia, abentura, zientzia, esplorazioa eta bere zabalkundearekin zerikusia dutenak izango dira (alpinismo klasikoa, mota guztietako eskaladak, eskia, BTT, kayak, espeleologia, zientziak, parapente...). Proiektuak ahal den neurrian originalak, esploratzaileak eta dibulgatiboak izan beharko dute. 
  • Beka irabazi duen proiektuak Joxe Takolo bekaren irudia eraman beharko du. 
  • Behin jarduera burututakoan, proiektuaren zabalkundea egin beharko da. Hau da, proiektuaren xehetasunak azaldu beharko dira Lagun Onak MBn eta Tolosako Antxon Bandres bidaiarien txokoan. 
  • Bekara aurkezten den proiektuaren partaideak mendiko profesionalak badira, proiektuak ezingo luke partaidearen profesioarekin zerikusirik izan. 
  • Proiekturik aurkeztuko ez balitz, bekako dirua Joxe Takolo beka indartzera bideratuko da. 

Diru-laguntzaren sustatzaileek azaldu dutenez, aurtengo deialdira aurkeztutako proiektuak baloratzeko garaian, epaimahaiak honako irizpideak izango ditu kontuan: "Egin nahi den jardueraren kalitatea, entitateak bere jarduera-eremuan agertu duen ibilbidea, jarraipena eta egonkortasuna, partaide-kopurua eta jardueraren iraupena eta zabalkundea, jardueraren finan­tziazioa, jarduera antola­tzeko azpiegitura eta giza-baliabideak, kirol eta gizarte-mailan jarduera horrek duen interesa, antzeko kirol programa edo eskain­tza­rik ez egotea eta jarduera hori kualifikatutako per­tso­nal teknikoak gara­tzea".

Aurkeztu beharreko agiriak

Joxe Takolora beren lanak aurkeztu nahi dituztenek eskari-instan­tziak Udalaren erregistroan aurkeztu beharko dituzte hilaren 30a baino lehen. Diruz lagun­tzea eskatu den proiektu edo jardueraren ardura duen ordezkari edo per­tso­nak eskari-instan­tzia ofizialaren atal guztiak bete beharko ditu, eta horri nortasun agiriaren fotokopia eran­tsi beharko dio, proiektuan partaide izango direnen federazioko baimenarekin batera. Horrez gain, egin nahi den proiektuaren memoria aurkeztu beharko da, hari dagokion aurrekontuarekin batera, bai paperean zein euskarri informatikoan.

Joxe Urbieta Takolo azpeitiar mendizalearen omenez, goi-mendizaletasunarekin lotutako proiektuak bultzatzeko sortu zuen Udalak Joxe Takolo Beka, 2001ean. Uztarriak Takoloren bizitzaren inguruko liburua kaleratu zuen, Enekoitz Esnaola kazetari azpeitiarrak idatzita.