Bukatu dituzte Damasoko plazako zorua eta garajeetako sabaia konpontzeko lanak

Uztarria.eus 2017ko ira. 1a, 19:22

Joan den maiatzean hasi ziren Damaso auzoko plazaren zorua eta garajeetako sabaia konpontzeko obrak, eta haurrentzako parke berria jartzearen faltan, bukatu dituzte lanak. Obrak egitearen helburua zen azken urteotan auzokideek garajeetan hezetasunarekin dituzten arazoei irtenbidea ematea. Horretarako, Damasoko 1 eta 10 arteko etxe atarietako bizilagunek eta Udalak proiektu bat adostu zuten. Lau hilabete eraman dituzte garajeetako sabaia nahiz auzoko plaza konpontzen. Datozen asteetan jarriko dute haurrentzako parke berria, eta horrekin amaitutzat emango dituzte plazako obra guztiak.

Lanen aurrekontua 515.000 eurokoa da, eta Udalak kopuru horren %30 ordainduko du, "plazaren erabilera publikoa kontuan izanda".