Emakumezkoen futbola indartzeko, nesken taldeak osatu dituzte Lagun Onakek eta Ikasberrik

Uztarria.eus 2017ko ira. 1a, 14:12
Lagun Onakeko senior neskek LogroƱoren aurka jokatutako lagunarteko partidaren irudia.

Sei urteren ostean, senior mailako emakumezkoen taldea osatu du Lagun Onakek, Azpeitiko eta Errezilgo neskekin. Entrenamenduekin eta denboraldi-aurrearekin hasita daude jada. Ikasberrik, bere aldetik, infantil nesken taldea martxan jartzea lortu du aurten. Datozen asteetan ekingo diote denboraldiari herriko emakumezkoen taldeek.

Oporrak iristerako erakutsi zuten emakumezkoen futbolari bultzada emateko nahia Lagun Onak Futbol Taldeak eta Ikasberri Kirol Elkarteak. Futbola atsegin duten neskei dei egin, eta hainbat talde osatzea lortu dute bi klubek.

2011-2012 denboralditik senior mailako emakumezkoen talderik gabe egon ostean, maila horretako taldea osatu du Lagun Onakek aurten. Azpeitiko eta Errezilgo 21 neska ariko dira futbolean Lagun Onakeko elastikoak soinean, eta Marcos Villanueva izango da euren entrenatzailea. Dagoeneko hasi dira entrenamenduarekin eta denboraldi-aurrearekin. Aste honetan bertan Errioxan izan dira lau eguneko egonaldia egiten, eta Logroñoren aurkako lagunarteko partida jokatzeko tartea ere hartu dute. Irailaren 9an Mutrikuren aurka beste lagunarteko partida bat jokatuko dute, Mutrikun bertan. Denboraldiarekin, berriz, hilaren 23an hasiko dira.

Senior mailako taldeaz gain, azken denboraldietan bezala, Lagun Onakeko infantil eta kadete mailako neskak ere ariko dira futbolean. 

Ikasberriko infantil neskak, martxan hastear

Ikasberri Kirol Elkarteak ere lortu du aurtengo bere helburuetako bat: nesken taldea berriro osatzea. Infantil mailako Azpeitiko hainbat neska dira Ikasberriko taldea osatuko dutenak. Horien gidaritzapean Iraitz Arrizabalaga eta Hiart Arrizabalaga anai-arrebak ariko dira, eta astelehenean, irailaren 4an, ekingo diote entrenamendu saioei. Denboraldia urriaren 14-15eko asteburuan hasiko dute Ikasberriko neskek.