Azpeitian jokatuko da Euskal Herriko III. Sagardo Txapelketa Herrikoiaren finala

Uztarria.eus 2017ko ira. 1a, 15:43
2015ean jokatu zen aurrenekoz txapelketa, eta Azpeitian izan zen finala, Azoka Plazan.

Irailean zehar lau finalaurreko jokatu ostean, txapelketako azken hitzordua Azpeitiko Azoka Plazan izango da, hilaren 30ean. Txapelketan zehar herritarrak izan ohi dira epaileak, eta lan horretan aritu nahi dutenek afarirako txartelak erosi beharko dituzte aldez aurretik, afaldu bitartean egingo dutelako puntuaketa lana. Herriko hainbat txokotan jarriko dituzte salgai finalerako txartelak. 

Hirugarren urtez jarraian, Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoia antolatu du Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, eta Azpeitiak hartuko du txapelketaren finala, hilaren 30ean. 

Txapelketan izena ematen duten Euskal Herriko Sagardotegietako edariak afaltzera inguratzen diren herritar guztien artean dastatu eta puntuatuko dira. Epaile izan nahi dutenek afari txartelak hartu beharko dituzte aldez aurretik –finalaurrekoak 26 euro ordaindu beharko dira eta finalekoak 32 euro– afaldu bitartean egingo baita puntuaketa lana. Hala, interesa duen edonor izan daite epaile.

Azpeitian honako leku hauetan eros daitezke Euskal Herriko III. Sagardo Txapelketa Herrikoiko finalerako txartelak: Añota sagardotegian, Beloki harategian eta Pastorkua tabernan. Bestalde, gipuzkoakosagardoa@gmail.com helbidera idatzita ere eskura daitezke txartelak. Epaile lanetan ariko diren herritarrek ez dute jakingo zein sagardotegitako edariak ari diren dastatzen, eta afariaren bukaeran jakingo dira irabazleak zeintzuk diren, bai finalaurrekoetan eta baita finalean ere.

Guztira, Euskal Herriko 41 sagardotegik hartuko dute parte aurtengo txapelketa herrikoian. Finalaurrekoak Ordizian, Andoainen, Zarautzen eta Oiartzunen izango dira.

2015ean antolatu zuten aurrenekoz Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoia, eta orduan ere Azpeitiko Azoka Plazan jokatu zen finala. Orduko hartan, Petritegi sagardotegiak jantzi zuen sagardo onenaren txapela.