Ekain Ibarguren: "Uste dut pailazo jaio egin behar dela, eta, gero, ikasi eta landu"

Urola Kostako Hitza 2017ko abu. 31a, 19:28
Ekain Ibarguren, Ekain-Txou pailazoa. (Julene Frantzesena)

Ekain Ibargurenek (Azpeitia, 1996) 2016an sortu zuen Ekain-Txou pertsonaia, eta, ordutik, herriz herri dabil emanaldiak eskaintzen. Antzerki munduko lehen atea 8 urterekin zabaldu zuen; izan ere, Azpeitiko gaztetxoen antzerki eskolan egin zituen hastapenak, Alaitz Olaizola aktorearen gidaritzapean. Bidea urratu duen honetan, sudur gorria ez du saltzeko.

Uda sasoia, jaiak han eta hemen. Ekain-Txou ere izan da hainbat herritan…

Abuztuan zazpi bat emanaldi eskaini ditut: Elgoibarren, Adunan, Donostian, Mutrikun, Azpeitian, Azkoitian, Oikian… Gustura nago. Egia esan, nahi nuen, baina ez nuen espero hainbeste emanaldi egitea. Espero nuen dei batzuk jasotzea, baina uste baino hobeto joan da abuztua lanari dagokionez.

Zer harrera jaso duzu herri horietan guztietan?

Orokorrean, ona. Jendeak esan dit asko gustatu eta motza egin zaiola saioa. Beti esaten dut ez naizela Porrotx, bi orduko saiorik ezin dudala eskaini.

Galiziako Pallasos en Rebeldia taldeak antolatutako emanaldian parte hartu zenuen Donostiako Aste Nagusian. Nolatan?

Iaz ere han izan nintzen, lehendik ezagutzen nuen beste artista batek gonbidatuta. Bost-hamar minutuko emanaldia eskaini nuen, eta gustura. Halere, udan eskaini dudan saio bereziena Elgoibarko bigarrena izan zen. Huraxe atera zitzaidan ondoen. Azpeitikoa ere ederra izan zen, plaza jendez leporaino bete baitzen.

Elkarrizketa osoa, Urola Kostako Hitzaren webgunean irakur daiteke.