Bi gizon ustez iruzur egiten saiatu dira Azpeitiko etxebizitza batean

Uztarria.eus 2017ko abu. 31a, 19:08

Joan den asteartean jazo zen gertaera. Gizarte Segurantzakoak zirela esan zioten trajedun bi gizonek emakume bati, eta hark bere etxera sartzen utzi zion bikoteari. Gizarte Segurantzak familiari baieztatu dio beraiek ez direla inoren etxera abisatu gabe joaten. Ertzaintza kasua ikertzen ari da.

Bi gizon ustez iruzur egiten saiatu dira Azpeitiko etxebizitza batean, Ertzaintzak Urola Kostako Hitzari baieztatu dionez. Joan den asteartean jazo zen gertaera, abuztuaren 29an, 11:15 aldera. Emakume batek bi gizonekin egin zuen topo portalean; Gizarte Segurantzakoak zirela esan zion bikoteak, eta bera ikustera zihoazela. Emakumeak bere etxera sartzen utzi zien gizonei, eta haiek askotariko galderak egin zizkien emakumeari: ea bakarrik bizi den, ea inork laguntzen al dion etxeko lanetan, dirurik ba al duen, pentsiorik ba al duen, zenbatekoa… Gaztelaniaz hitz egin zioten bi gizonek, eta paper batean apuntatu zuten emakumeak emandako informazio guztia. Hala ari zirela, emakumeak esan zien 11:30ean etorriko zela udaletxeko langilea etxera, eta bi gizonek alde egin zuten 11:25ean, etxe guztia goitik behera ikusita, ezer hartu gabe.

Emakumearen familiak Whatsapp bidez zabaldutako mezuan azaldu du bi gizonek trajea zutela soinean, eta haietako bat "lodixeagoa" eta bestea "finxeagoa" zela. Gizarte Segurantzarekin harremanetan jarri da familia, eta haiek azaldu diote beraiek ez direla abisatu gabe joaten inoren etxera. Horregatik, Ertzaintzara jo du familiak, eta gertatutakoa ikertzen ari dira. Ertzaintzak gogorarazi du halako iruzur saiakerak behin baino gehiagotan gertatzen direla, eta tentuz jokatzeko aholkatu du.