Herritarrak lan munduan integratzeko hitzarmena berritu dute Atzegik eta Udalak

Uztarria.eus 2017ko abu. 28a, 15:25

Udalak eta Atzegik herritarrak lan munduan integratzeko lankidetza hitzarmena urtebetez berritu dute, eta akordio horri esker Ander Alberdi azpeitiarrak igerilekuan lanean jarraitu ahal izango du. Udalak esan duenez, egunerokoan intregrazioarekin duen konpromisoa sendotzeko ari da lanean. "Atzegirekin elkarlanean, Pauso Berriak programaren bidez, hainbat herritar lan munduan integratzeko baliabideak eta konpromisoa hartuak ditu", adierazi du udalak. Berritu berri duten hitzarmenari esker, Ander Alberdik igerilekuan jarraituko du lanean, eta udalak esan du, Alberdiz gain, Maddi Gurrutxaga ere udaletxeko sarreran ari dela lanean, bi erakundeek duten elkarlanari esker.