Giro ederrean ari dira ospatzen Goikokalean San Agustin jaiak

Uztarria.eus 2017ko abu. 26a, 20:51

Atzo dardo txapelketarekin hasi ziren Azpeitiko Goikokaleko San Agustin festak, eta gaur ere hainbat ekitaldi ari dira egiten jai giroan. Goizean zezen txikiak eta poniak izan dira plazan, gaztetxoen gozamenerako. Arratsaldean, berriz, Mus Txapelketa egin dute Sanagustin kulturgunean. 25 bikotek parte hartu dute lehian, eta Marcos Villanueva eta Asier Peñagarikano nagusitu dira.

Gero, 20:00etan, triki-poteoa eta afaria egingo dituzte, eta gauean DJ emanaldia izango da Fideo de Mileto tabernan.

Gaur, gainera, festetako otarrearen eta afariaren zozketa egin dituzte jaien antolatzaileek, eta bi sariak Eusebi Lizasok jaso ditu. Hain zuzen ere, produktu ugariz betetako otarrea eta Landeta erretegian bi lagunentzat otordua jaso ditu.

Goikokaleko jaiek bihar segitu dute. Izan ere, meza, jolasak eta kontzertua izango dira. Howdy taldearen kontzertua 19:00etan izango da plazan. Country musikaz gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek.

Hona hemen, gaur iluntzeko eta biharko egitaraua:

Gaur, abuztuak 26

20:00. Triki-poteoa.

21:00. Afaria Sanagustin kulturgunean.

00:00. DJ saioa, Fideo de Mileto tabernan.

Bihar, abuztuak 27

10:30. Auzotarren aldeko meza Miserikordian.

17:30. Umeentzako jolasak.

Ondoren, txokolatada.

19:00. Howdy taldearen kontzertua plazan.