Langile bat hil da istripuz Glual Energy enpresan

Uztarria.eus 2017ko abu. 25a, 15:44
Glual Energy enpresaren ataria gaur eguerdian.

12:25ak aldean izan du istripua 50 urteko gizon azpeitiar batek, Antzibarrena industriaguneko enpresan. Ertzaintzak zer gertatu den argitzeko ikerketa jarri du martxan. Azpeitiko Udalak istripuaren zergatia "aztertzea eta lehenbailehen argitzea" eskatu die Osalani eta enpresari. Sindikatuek elkarretaratzea deitu dute asteartean, 11:00etan, Glual enpresaren atarian.

Langile bat hil da Antzibarrena industriaguneko Glual Energy enpresan. Ertzaintzak UROLA KOSTAKO HITZAri jakinarazi dionez, gizon batek istripua izan du 12:25ak aldean, eta abisua jasota, Landetako enpresara bertaratu dira Ertzaintza eta larrialdi zerbitzuak. 50 urteko gizon azpeitiarra da hildakoa. Ertzaintzak ez du zehaztu zerk eragin duen istripua, baina hedabide honek jakin ahal izan duenez, ate batek harrapatuta hil da behargina. Ertzaintza istripuaren zergatia ikertzen ari dela adierazi du.

ELA eta LAB sindikatuak salatu dute ezbeharra, eta babesa eta elkartasuna adierazi diete hildako langilearen familiari eta gertukoei. Gainera, ELAk, LABek, ESK-k, ESTEILASek, EHNEk eta HIRUk elkarretaratzea deitu dute astearterako. 11:00etan egingo dute prekarietatea eta lan istripuak salatzeko kontzentrazioa, Glual Energy enpresaren atarian.

Azpeitiko Udaleko ordezkariak lantegian izan dira gertatutakoaren berri bertatik bertara izateko. Oharra ere kaleratu du udalak, eta lan istripuan hil den beharginaren familiari, lankideei eta gertukoei doluminak eman eta elkartasuna adierazi dio. "Kolpe gogorra da langileentzat eta herriarentzat gaur Azpeitian gertatutakoa", azaldu du udalak. Erakundeak gaineratu du hildakoaren gertukoei laguntza "guztia" eskainiko diola, hala behar izanez gero. 

Bestalde, udalak istripuaren zergatia "aztertzea eta lehenbailehen argitzea" eskatu die Osalani eta enpresari. Gainera, "oinarrizko baldintza eta lehentasun absolutu gisa", herriko enpresei "egoera guztietan langile ororen bizitza babestea" eskatu die, "gure herriarekin eta herritarrekin duten gutxieneko konpromisoak hala exijitzen duelako". Udalak esan du lan istripuen arazoa "oso larria" dela, eta gaurkoa Azpeitian denbora gutxian lan istripuak eragindako bigarren heriotza izan dela gogorarazi du.

Elkar-ekin taldeak, berriz, elkartasuna helarazi die hildakoaren senideei, lagunei eta lankieei. "Tristuraz eta amorruz salatu nahi dugu uda honetan jada bi herritar hil direla lanean ari zirela, biak herriko enpresetan", azaldu du taldeak. Elkar-ekinek "nahikoa" dela esan du, eta azaldu du prekarietatearen adierazpen "ankerrena" direla laneko heriotzak. "Heriotza hauek ez dira zoriaren ondorio". Gipuzkoako Foru Aldundiak istripua salatu du, eta doluminak eman dizkie hildakoaren senitarteko eta lagunei. 

Industriarako sistema hidraulikoak egiten ditu Glual Energyk. Hiru lantegi ditu Azpeitian, eta beste hainbat Espainian, AEBetan, Txinan, Indian eta Brasilen.

Laugarren istripua

Urtea hasi zenetik lau lan istripu izan dira Azpeitiko enpresetan, eta bi langile hil eta beste bi zauritu dira ezbehar horietan.

Apirilaren 29an langile bat zauritu egin zen Glual Taldeko Burni enpresan, altuera batetik erori ostean. Maiatzaren 23an beste lan istripu bat izan zen Lan Mobel enpresan. Makina batean harrapatuta gelditu zen langilea, eta kolpeak eta hausturak eragin zizkion ezbeharrak. Joan zen uztailaren 3an Azpeitiko 51 urteko bizilagun bat hil zen Astigarraga Kit Line enpresan ezbeharra izanda.