Azkoitiko sexu erasoaren ustezko erasotzailea identifikatu du Ertzaintzak

Uztarria.eus 2017ko abu. 21a, 14:15
Andramari jaietako azken egunean, goizaldean, adin txikiko azpeitiar batek sexu erasoa egin ziotela salatu zuen Ertzain etxean. Ertzaintzak azaldu duenez, ustezko erasotzailearen datuak-eta dagokion epaitegiaren esku utzi ditu. Sostenipe talde feministak elkarretaratzea deitu du gaurko, 19:30erako, Azkoitiko plazan, eta Azpeitiko hainbat eragilek eta bi herrietako udalek bat egin dute deialdiarekin.
 

Ertzaintzak Urola Kostako Hitzari jakinarazi dionez, identifikatu dute herenegun Azkoitian sexu erasoaren ustezko egilea. Ertzaintzak azaldu duenez, pertsona horren datuak-eta dagokion epaitegiaren esku utzi ditu.

Andramari jaietako azken egunean, goizaldean, adin txikiko azpeitiar batek sexu erasoa egin ziotela salatu zuen Ertzain etxean. Eta atzo, egunean zehar, salaketa ohar eta mezu ugari plazaratu zituzten, hala nola Azpeitiko eta Azkoitiko udalek, talde politikoek eta eragileek nahiz Gipuzkoako hainbat erakundek.

Gainera, erasoa salatzeko, Azkoitiko Sostenipe talde feministak elkarretaratzea deitu du gaur arratsalderako. Azkoitiko plazan izango da kontzentrazioa, 19:30ean. Azpeitiko hainbat eragilek eta Azpeitiko eta Azkoitiko udalek bat egin dute deialdi horrekin, eta 18:50ean anbulatorioaren aurrean elkartzeko deia egin die herritarrei. Ondoren, autobusez joango dira Azkoitiko elkarretaratzera, lineako zerbitzuak izango baitira 19:00etan eta 19:10ean.