San Agustin festak ospatuko dituzte asteburuan Goikokalen

Uztarria.eus 2017ko abu. 15a, 13:20
Iazko festetako irudia.

Ostiralean hasiko dira festak Dardo Txapelketarekin, eta zapatuan eta igandean ere hainbat ekitaldi izango dira festetako egitarauaren barruan. Aurtengoa San Agustin jaien bigarren edizioa izango da.

Ostiraletik igandera bitartean San Agustin festak ospatuko dituzte Goikokalen. Iaz ospatu zituzten lehen aldiz festa horiek kale horretan, eta aurten jaien bigarren edizioa izango da. Azpeitiko Udalak eta Sanagustin kulturguneak antolatu dituzte jaiak, eta hainbat ekitaldi izango da hiru egunetan.

Ostiralean Dardo Txapelketarekin hasiko dira festak. 22:00etan hasiko da lehia, Fideo de Mileto tabernan. Cricket eta 501 modalitateetan arituko dira parte-hartzaileak, eta egunean bertan eman beharko da izena 10 euroren trukean. Txapelketa bukatzean hainbat sari banatuko dute: irabazleak kopa eta bildutako diruaren %50 eskuratuko du; bigarrenak, kopa eta jasotako diruaren %30; hirugarrenak, kopa eta batutako diruaren %20; eta laugarrenak, kopa.

Abuztuaren 26an, larunbata, izango da jaietako egun handia. Izan ere, zezen txikiak, pintxo dastaketa, Mus Txapelketa, triki-poteoa, afaria eta DJ saioa izango dira. Mus Txapelketa Sanagustin kulturgunean izango da 16:00etan hasita. Egunean bertan eman beharko dute izena bikote parte-hartzaileek, 20 euro ordainduta. Hainbat sari banatuko dituzte lehia bukatzean. Bikote irabazleak txapela eta izen-ematean bildutako diruaren %50 irabaziko du. Bigarren sailkatzen denak, berriz, bildutako diruaren %25, eta hirugarrenak %15. Laugarren egiten duen bikoteak jasotako diruaren %10 eskuratuko du.

Igandean, berriz, meza, jolasak eta kontzertua izango dira.

Hona hemen egitaraua osorik:

Abuztuak 25, ostirala

22:00. Dardo Txapelketa azkarra, Fideo de Mileto tabernan.


Abuztuak 26, zapatua

11:30. Zezen txikiak plazan.

13:00. Pintxo eta edari dastaketa.

16:00. Mus Txapelketa azkarra Sanagustin kulturgunean.

20:00. Triki-poteoa.

21:00. Afaria Sanagustin kulturgunean.

00:00. DJ saioa, Fideo de Mileto tabernan.

 

Abuztuak 27, igandea

10:30. Auzotarren aldeko meza Miserikordian.

17:30. Umeentzako jolasak.

Ondoren, txokolatada.

19:00. Howdy taldearen kontzertua plazan.