Azkoitian sexu erasoa egin diotela salatu du adin txikiko azpeitiar batek

Uztarria.eus 2017ko abu. 20a, 17:11

Atzo goizaldean jasan zuen erasoa gazteak. Azkoitiko ertzain etxean salatu zuen gertakaria, eta Ertzaintzak ikerketa zabaldu du. Azpeitiko Udalak gaitzetsi egin du erasoa, eta biktimarentzat eta haren familiarentzat errespetua eskatu du. Azkoitian kontzentrazioa izango da bihar, astelehena, 19:30ean, plazan, Sostenipe talde feministak deituta.

Uztarriak jakin ahal izan duenez, azpeitiarra da atzo goizaldean Azkoitian sexu erasoa jasan zuen adin txikikoa. Azkoitiko ertzain etxean salatu zuen gertakaria, eta Ertzaintzak ikerketa zabalik duela esan du.

Azpeitiko Udalak gaitzetsi egin du Azkoitiko Andramari jaietan gertatutako eraso sexista. Biktimari, haren familiari eta ingurukoei "babes ososa" azaldu die erakundeak, eta esan du udalaren esku dauden baliabide guztiak jarri dituztela dagoeneko horien esku. Gainera, biktimarentzat eta haren gertukoentzat "errespetua" eskatu du udalak. Gainera, udalak "argi eta garbi" adierazi du ez duela "inolako erasorik onartzen eta onartuko ez hemen eta ez inon".

Erasoaren berri izan ostean, Azpeitian elkarretaratzea deitu du Sustraiak Moretzen taldeak biharko, baina bertan behera utzi dute bilkura, Azkoitian ere kontzentrazioa izango delako bihar. Sostenipe talde feministak deituta, 19:30ean, izango da elkarretaratzea Azkoitiko plazan. Azpeitiko hainbat eragilek bat egin dute deialdi horrekin, eta 18:50ean anbulatorioaren aurrean elkartzeko deia egin die herritarrei. Ondoren, autobusez joango dira Azkoitiko elkarretaratzera, lineako zerbitzuak izango baitira 19:00etan eta 19:10ean. 

Haujijijai festa batzordeak ere salatu du erasoa, eta babesa agertu dio erasotua izan den emakumeari. Batzordeak azpimarratu du halako eraso sexistek ez dutela lekurik "ez gure festetan eta ez gure bizitzetan". Hori dela-eta, eraso sexistarik, homofoborik, arrazistarik edo xenofoborik izan ez dadin lanean jarraituko duela azpimarratu du batzordeak. "Aske bizi, sentitu eta gozatu nahi dugulako, gure gorputzak gureak direlako", aldarrikatu du Haujijijaik.

Azkoitiko Udalak "ustezko biktimaren eta haren familiaren intimitatearekiko errespetu osoa" eskatu du, eta esan du "eraso matxista guztiak" salatzen eta arbuiatzen dituztela. Azkoitiko EH Bilduk eta PSE-EEko zinegotzi Janire Igoak ere salatu dute sexu erasoa. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek ere salatu dute erasoa.