Gaizka Maizak Sammic ISBn jokatuko du datorren denboraldian, Gipuzkoa Basketek utzita

Uztarria.eus 2017ko abu. 17a, 14:23
Maier Lizaso, Gaizka Maiza eta Nekane Arzallus. (GBC)

Ibartarrak lau urterako akordioa egin du Gipuzkoa Basketekin, eta datorren denboraldian ere Sammic ISBn jokatuko du, Urrezko LEB Ligan. Gaur aurkeztu dute jokalaria Donostian, eta han izan dira Maier Lizaso ISBko lehendakaria eta Nekane Arzallus GBCko lehendakaria. Lizasok esan duenez, Urrezko Ligan aritzeko "ezinbesteko" pieza da Maiza ISBrentzat. 

Gaizka Maiza (Ibarra, 1996) saskibaloi jokalariak lau urterako hitzarmena sinatu du Gipuzkoa Basketek taldearekin. Gaur, abuztuak 17, aurkeztu dute jokalariaren aurkezpena Donostian, GBCko lehendakari Nekane Arzallusek eta ISBko lehendakari Maier Lizasok lagunduta. 

Maiza ACB Ligako taldeak fitxatu badu ere, Sammic ISB taldearekin ariko da datorren denboraldian. Sammic ISBk joan den denboraldian lortu zuen Urrezko LEB Ligara igotzea, eta bigarren maila horretan ariko da Maiza datorren denboraldian. Dena den, entrenamenduak bi taldeekin egingo ditu ibartarrak.

Maier Lizasok esan duenez, Urrezko Ligan aritzeko "ezinbesteko" pieza da Maiza ISBrentzat. "Jokalari ona eta pertsona hobea da", gaineratu du. GBCri eskerrak eman dizkio ISBko lehendakariak, jokalaria uzteko aukera emateagatik.

Nekane Arzallusek esan du "poz-pozik" daudela fitxaketarekin; izan ere, etxeko jokalariekin "egonkortasuna" aurkitu nahi du Gipuzkoa Basketek. Hark ere hitz onak izan ditu Maizarentzat: "Ibarrako piperra esaten diote Azpeiti aldean, gustura gaude. 2018-2019an Gaizka gurekin ACBn egotea da asmoa". Arzallusek esan du "oso erraza" izan dela ISBrekin akordioa lortzea, "harreman oso estua" dutelako. 

Maizak Sammic ISBn jokatu ditu azken bi denboraldiak. Gainera, duela bi denboraldi, ligaren bukaeran, ACBn egin zuen debuta GBCrekin.