Intsektuen hotelen lehiaketa jarri du martxan Baratze Parkeen Sareak

Uztarria.eus 2017ko abu. 17a, 12:28
Izarraizpeko Baratze Parkea.
Azpeitiko Baratze Parkean eman daiteke izena irailaren 11ra bitartean. Intsektuen hotelek irailaren 18rako egon beharko dute bukatuta, eta norbere partzelan jarri beharko dituzte horiek parte-hartzaileek.
 

Euskal Herriko Baratze Parkeetan intsektuentzat hotelen lehiaketa jarri du martxan Kutxa Ekoguneak. Hain zuzen ere, hotel horiek oso garrantzitsuak dira baratze ekologikoentzat; izan ere, izurriteak kontrolatzen eta landareak polinizatzen dituzte horiek. Baratze Parkean gunea duten herritarrek irailaren 11ra bitartean eman dezakete izena lehiaketan. Izena Baratze Parkearen sarreran jarri duten orrian eman daiteke. Gutxienez, bost lagunek eman beharko dute izena Baratze Parke bakoitzean.

Intsektuen hotelek, berriz, irailaren 18rako egon beharko dute bukatuta, eta norbere partzelan jarri beharko dituzte horiek parte-hartzaileek. Epaimahaik itxura eta material birziklatuak eta naturalak erabali izana baloratuko du, eta Baratze Parke bakoitzeko hotel onenak saria jasoko du. Gainera, herritarrek ere eman ahal izango dute boza irailaren 19tik 28ra bitartean. Ondoren, urriaren 1an egingo dute sari banaketa ekitaldia Tolosako Baratze Parkean.