Betharramgo fatxada aukeratzea da aldundiak diruz lagunduko duen partaidetzazko proiektuetako bat

Uztarria.eus 2017ko abu. 11a, 12:21

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Gipuzkoako 36 herritan partaidetza bidez egitekoak diren beste horrenbeste proiektu lagunduko ditu diruz, eta horien artean dago Azpeitiko Udalak aurkeztu duen proiektua: Betharram eraikinaren fatxada aukeratzea. 

Aldundiaren esanetan, deialdiaren helburua izan da "udal esparruan garatzen diren prozesu parte hartzaileak sustatzea, eta, horrela, bultzada bat ematea herritarrek berdintasunean arlo publikoa kudeatzeko eta hari buruzko erabakiak hartzeko eskubideari". Era berean, udalek partaidetza sustatzeko "gaitasuna indartu" dezatela izan da aldundiaren asmoetako bat. Horretarako, aldundiak, guztira, 120.000 euro xedatuko ditu.

Deialdian, udalerri bakoitzak proiektu bakarra aurkez zezakeen. Puntuazio bidez aukeratu ditu aldundiak proiektuak, eta 36 izan dira gutxieneko puntuak lortu dituztenak.