Azpeitiar gazte bat bi aldiz atxilotu dute Santurtzin, neska-lagunari eraso egitea egotzita

Uztarria.eus | Gizartea | Artikulua
2017-08-02 15:41

Joan zen zapatu goizaldean atxilotu zuten lehen aldiz bikotekidea erasotzea leporatuta. Epaileak aske utzi zuen, eta eguerdian berriz atzeman zuten neska-laguna mehatxatzeagatik. Errezilgo eta Azpeitiko udalek gertakaria "gaitzetsi" dute, eta esan dute eraso sexistek ez dutela tarterik ez Errezilen eta ez Azpeitian.

Santurtziko Udalak (Bizkaia) jakinarazi duenez, bikotekideari eraso egitea egotzita, 23 urteko azpeitiar mutil bat bi aldiz atxilotu zuen herri horretako Udaltzaingoak joan zen larunbat goizaldean. Oharrean zehaztu duenez, 03:50 aldean atxilotu zuten gaztea, Santurtziko hotel batean neska-laguna jo zuelako. Lehen aldiz atxilotu ondoren, epailearen aurretik igaro zen mutila, eta hark gaztea libre uztea erabaki zuen. 23 urteko errezildar neska-laguna osasun-etxera eraman zuten udaltzainek, besoetan eta hanketan lesioak zituelako.

Epaileak libre utzi eta ordu batzuetara, zapatu eguerdian, berriz atxilotu zuten mutila, bikotekideari mehatxu egitea leporatuta. Epailearen aurrean deklaratu eta gero, aske utzi zuten gaztea berriro.

Gertakaria "gaitzetsi" dute Errezilgo eta Azpeitiko udalek, bi herrietako bizilagunak daudelako "eraso sexistaren tartean". Horregatik, "ozen eta argi" esan dute eraso sexistek ez dutela tarterik ez Errezilen eta ez Azpeitian. Biktimari, familiari eta ingurukoei elkartasuna adierazteaz gain, bi udalek esan dute "behar izanez gero" beraien esku jartzen dituztela dituzten baliabide guztiak.

Eraso matxista salatzeaz gain, errespetua eskatu dute bi herrietako udalek. Hain zuzen ere, erakundeek "zurrumurruak eta txutxumutxuak alde batera" uztea eta gaia "errespetuz" tratatzea eskatu diete herritarrei.

Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Zapelatz | 2017-08-03 : 09:14

"Lehen aldiz atxilotu ondoren, epailearen aurretik igaro zen mutila, eta hark gaztea libre uztea erdietsi zuen". Erdietsi? Epailearen lorpena izan al zen? Aditz hori ez dago oso txukun erabilita. Elkartasuna neskari eta ingurukoei, eta epaiketa bidezkoa mutilari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa