Saninazioak 2017

Saninazioak "izugarriak" izan direla eta, festez balorazio "oso positiboa" egin du Udalak

Uztarria.eus 2017ko abu. 2a, 15:48
San Inazio bezperako bazkaria, plazan.

Saninazioetako hiru egunak "handiak" izan dira udal ordezkariek ustez, "jende asko" ibili delako egunez nahiz gauez. Eraso matxistei aurre egiteko kanpaina "ezinbestekoa" izan dela diote, eta udalak esan du ez dela eraso aipagarririk izan.

Gaur goizean bukatu dira San Inazio festak, eta Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, jaiak "izugarriak" iza dira. Uztailaren 19az geroztik, ia egunero izan dira ekitaldiak herrian, eta horiek guztiak "jendetsuak" izan direla esan du Mikel Ibartzabal Festa batzordeburuak. "Ekitaldi guztietan jende mordoa ibili da bai kontzertuetan, bai umeentzat antolatutako ekintzetan... Eta dena arazorik gabe joan da" adierazi du.

Saninazioetako hiru egunak "handiak" izan dira Ibartzabalen ustez, "jende asko" ibili delako egunez nahiz gauez. Festa batzordeburuak festak antolatzen aritu diren lagun guztiei eman dizkie eskerrak: "Haujijijai batzordeko kideak zein Festa Mahaikoak eskertu nahi ditut beraien lanik gabe hau ez zelako posible izango".

Eraso matxisten kontrako kanpaina "garrantzitsua"

Festa giroan izaten diren eraso sexistez jakitun, gaiaz sentsibilizatzeko, informatzeko eta harrera egiteko karpa jarri dute aurten bigarren urtez festetan. Plaza Txikian izan da karpa hiru egunetan, eta Leire Etxaniz Parekidetasun zinegotziaren arabera, "ezinbestekoa" izan da kanpaina. Izan ere, hiru egunetan "jende asko" bertaratu da karpara, informazioa eskatzera, zalantzak argitzera edo esperientziak kontatzera: "Tamalez, festa giroan ere ohiko dira erasoak, eta horri aurre egin eta festak libre gozatzeko kanpaina egiten saiatu gara. Karpara jende asko etorri da emakume zein gizon, eta herritarrek zerbitzu hori eskertzen dutela adierazi digute", adierazi du Etxanizek.

Aurtengoan ere, udalak ez du eraso aipagarririk gertatu denik jakin: "Balorazio oso positiboa egiten dugu bigarrengoz. Karpak bere funtzioa ondo bete duela uste dugu, erasoei aurre egiteko eta herria sentsibilizatzeko balio izan du. Festak bukatuta, indarkeria matxistari aurre egiteko programekin lanean jarraituko dugu, arazo honekin lehenbailehen bukatzeko".