Saninazioak 2017

Txomingeroak, zezenak eta elkarretaratzeak, San Inazio arratsalderako

Uztarria.eus 2017ko uzt. 31a, 22:01

San Inazio arratsaldean Txomingeroek jarri dute giroa kalean. Plazako kioskoan egin duten bazkariaren eta haren aurretik zein ondoren, aurrena txarangarekin eta, gero, Elektrotxarangak lagunduta, umore ona nagusi izan da Txomingero kuadrillaren bueltan.

Arratsaldeko beste arreta gunea zezen-plazan egon da. Han, 18:30ean, aurtengo bigarren zezenketa egin dute. 17:30etik aurrera, berriz, hogeita hamar lagun inguru elkartu dira zezen-plazaren parean, Oinatz elkarte animalistak deituta, zezenketen kontrako elkarretaratzean. Zezenketen kontrako aldarriak oihukatu dituzte Sierben komentuaren aurrekaldetik, lauzpabost ertzain aurrean zituztela. Bien bitartean, Igor Etxaniz Kinttela aguaziltxoa, mandazainak eta Musika Banda ohiko kalejira eginez inguratu dira zezen-plazara.

Aipatutako ekitaldi horiez gain, gaztetxoentzat gozagarri, parkea eta puzgarriak jarri dituzte plazan, 16:00etatik aurrera, baina euri langarra hasi du, eta aurreikusitakoa baino lehenago desmuntatu dituzte puzgarriak.

Bestalde, hogei urte espetxeratuta zeramatzan Kepa del Hoyo galdakoztarra hil da gaur Badajozeko kartzelan (Espainia), bihotzekoak jota. Sarek eta del Hoyoren senideek jakinarazi dutenez, gaur hil da presoa. Haren heriotza salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur 19:00etan, Azpeitiko plazan. Espetxe politika hiltzailea! lelopean egin duten elkarretaratzean dozenaka lagun elkartu da. Biharko agerraldia iragarri du Etxerat elkarteak.

Hona hemen San Inazio arratsaldea irudietan:

Hona hemen, gaurko eta biharko egitaraua:
22:00. Autobus Magikoaren kontzertua, txosnagunean.
22:30. Eskuzko pilota partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan. 1. partida: Jon Alberdi-Andoni Aretxabaleta/Elordi-Merino I. 2. partida: Altuna III-Rezusta/Bengoetxea VIII-Albisu.
23:00. Su festa, Caballer (Valencia) etxearen eskutik. Eta Ernairen ekitaldia, txosnetan.
23:30. Huntza eta Patxuko, plazan. Luhartzekin erromeria, Olazko Amaren plazan.
01:00. El Quinto Con Tenedor taldea txosnagunean.
02:30. DJ Bull txosnagunean.

Abuztuak 1, asteartea. San Inazio bigarrena

09:00. Goiz eresia.
10:00. Elkarretaratzea, Loiolan.
10:15. Herriko agintariek ongietorria egingo diete udaletxe aurrean Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko kideei. Ondoren, korporazioan joango dira Loiolako basilikara.
11:00. Meza nagusia Loiolako basilikan, Donostiako gotzain Jose Ignacio Munillarekin. Parrokiako abesbatzak eta Julian Barrenetxea abesbatzak abestuko dute, Jose Luis Frantsesena organo-jotzaileak lagunduta eta Javier Alberdik gidatuta. Eta, X. Bakailao Txapelketa, plazan. Bitartean, hamaiketakoa.
12:30. Entzierro txikia, Elizkaletik Done Jakuera.
15:00. Bertso bazkaria, Azoka Plazan. Bertsolariak: Maialen Akizu, Maider Arregi, Jon Gurrutxaga eta Aitor Salegi.
16:30. Mus Txapelketa, Sanagustinen. (16:00etan izen-ematea)
17:30. Go!azen dantzatu eta abestera, Perez Arregin.
18:00. Zezen txikiekin jolasak, Done Jakue kalean, Zezen Beltz taldeak antolatuta.
18:30. Ekain Txou eta lagunak emanaldia, plazan. Emakumeen eskuzko pilota partidak, Frontoi Txikian. Lehen partida: Maddi Unanue-Naroa Agirre / Maialen Ganzarain-Oihana Orbegozo. Bigarrengo bertso pilota partida: Eneritz Arrieta-Oihana Unanue / Patri Espinar-Alaitz Badiola. Bertsolariak: Iratxe Ibarra eta Oihane Perea.
19:00-20:30. Kolpez Blai perkusio taldea, kaleetan zehar.
19:00. Emakumeok Plazara ekitaldia eta kontzertu sorpresa plazan.
22:00. Passepartout, txosnetan.
23:00. Ekitaldi feminista, txosnetan.
23:30. Gatibu, plazan.
01:00. Egurra ta kitto, txosnetan.
01:00-03:00. DJ festa Olazko Andre Mariaren plazan.
02:30. DJ Komando Klitorixen kontzertua txosnagunean.

Abuztuak 2, asteazkena

06:00. Incansables txaranga.
07:30. Bigantxak Done Jakuen.
08:00. Gosaria.
08:30. Zumba, plazan.
09:00. Suzirien eta danbatekoen bidez 2017ko jaien amaiera.