Saninazioak 2017

Txupinazoarekin, azpeitiarrak murgildu dira festa arroxan

Uztarria.eus 2017ko uzt. 30a, 15:37

Santioetako beroketaren ostean, iritsi dira San Inazio jaiak Azpeitira. Eguerdiko hamabietarako plaza jendez lepo zegoen, saninazioei hasiera eman dien txupinazoa botatzeko zain baitziren herritarrak. Herriko dantza taldeetako eta eskoletako ordezkariak igo dira udaletxera, eta Eneko Etxeberria alkatearekin eta zinegotziekin batera bota dute horiek festei hasiera eman dien suziria. Etxeberriak esker hitzak izan ditu herritar guztientzat, eta festak ondo pasatzeko deia egin du eraso sexisten aurka egitearekin batera.

Ordurako plaza arroxa kolorea hartuta zen, eta Udal Musika Bandak lagunduta, hainbat herritarrek Marea Arroxaren abestia kantatu dute kioskotik. Ondoren hasi da bandaren eta buruhandien kalejira, eta haien atzetik atera da plazatik Marea Arroxaren kalejiran parte hartu duten dozenaka trikitilari. San Martin egoitzaren parean elkartu dira Marea Arroxa eta banda, eta egoiliarrei hainbat dantza eskaini dizkiete. Gero, kalez kale ibili dira batzuk zein besteak, Alde Zaharreko kaleak leporaino beteta zirela.

Festak ez du etenik izango abuztuaren 2a bitartean. Izan ere, herri bazkaria, karpagunean jolasak, zezen txikiekin jolasak, zezenketak, kontzertuak eta abar izango dira San Inazio bezperan. Baina jaiek segida izango dute bihar eta etzi ere.

Hona hemen, gaurko, San Inazio bezperako, argazkiak: