Saninazioak 2017

Eraso sexisten aurkako kanpaina jarri dute martxan saninazioetarako

Uztarria.eus 2017ko uzt. 28a, 14:57
Saninazioetan eraso sexistei saihesteko kanpaina aurkeztu dute gaur Azpeitiko udalak eta Haujijijai festa batzordeak.

Saninazioetan eraso sexistei "aurre hartzeko" hainbat neurri hartu dituzte Azpeitiko Udalak eta Haujijijai festa batzordeak, elkarlanean, hiru lan lerrotan: prebentzioa, arreta eta erantzuna. Eraso sexisten aurkako kanpainaren helburua da herritarrek festez "libre eta seguru" gozatzea. 

Azpeitiko Udalak eta Haujijijai batzordeak, elkarlanean, eraso sexisten aurkako kanpaina jarri dute abian saninazioetarako. Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak adierazi duenez, egitasmoaren helburua da herritarrek festez "libre eta seguru" gozatzea. Etxeberriak gaineratu du indarkeriarik gabeko herria "eraiki nahi" dutela, eta, horregatik, urte osoan proiektu eta ekimen "ugari" lantzen dituztela erakunde eta eragile ezberdinekin. Alabaina, herriko festetan erasoak, batez ere, eraso sexistak, "biderkatu" egiten direla dio, "dena libre da" kultura "zabaltzen" delako. Zarautzen jazotako sexu erasoa ekarri du gogora, eta haren esanetan halako gertakariak bailaran izateak "kezka handia" eragiten du. Horren aurrean, alkateak azpimarratu du, norbaitek uste badu Azpeitian festetan araurik ez dagoela, "oso oker" dagoela. Zentzu horretan, "aitzakiarik ez" dutela onartuko adierazi du, eta aldarrikatu du "eraso sexistarik gabeko festak nahi" dituztela, "guztiok gustura, libre eta seguru" bizitzeko festak. Era berean, adierazi du nahiz eta eraso horiek gehien bat emakumeek pairatzen dituzten, genero arauak betetzen ez dituzten kolektiboen, hau da, gay, lesbiana, transexual, intersexual eta bisexualen kontrako erasoak ere "baztertu" egiten dituztela. 

Zerbitzariak ere "eragile aktibo"

Azken urteetan, eraso sexistarik gabeko festen alde egiten ari den "lana" eta elkarlanerako erakusten duen "prestutasuna" eskertu nahi izan dizkio Udalak Haujijijai festa batzordeari. Etxeberriaren esanetan, iazko kanpainaren erantzun "positiboa" ikusita, aurten ere prebentzioa, arreta eta erasoen aurrean eman beharreko erantzunaren inguruan egin beharrekoa zehaztu dute. Iaz, karpa jarri zuten, baina aurtengoan beste urrats bat eman nahi izan dute Azpeitiko Udalak eta Haujijijai festa batzordeak, elkarlanean. Hala, erasoak gerta daitezkeen guneak txosnak eta tabernak izanik, lanketa berezia" egin dute zerbitzariak ere "eragile aktibo bihurtzeko" asmoz. Eta erasoren bat gertatzen ari dela uste dutenean zer jarrera hartu azaltzen zaien esku-hartze protokoloa banatu zaie zerbitzariei.

Aurtengo saninazioetarako Haujijijai festa batzordearekin udalak elkarlanean landu duen kanpainak izango dituen berezitasunak azaldu ditu gaurko agerraldian Leire Etxaniz zinegotziak, eta adierazi du prebentzioari "garrantzia" eman zaiola. Uste dute "erasoei aurre hartu" behar zaiela, eta horregatik "sakondu" nahi izan dute "sentsibilizazioan, formazioan eta informazioan". Eta gaineratu du edozein erasok "berehalako erantzuna" izango duela, erasotuari eman beharreko arretak "lehentasuna" izango duela, erasotuaren erabakia "beti errespetatuko" dela eta erasotzaileak "baztertu" egingo direla. Horiez gain, "egiazko informazioa" erabiltzeko deia egin du Etxanizek, eta azpimarratu du erasoren bat gertatzen den kasuetan, Udalak informazioa jasoko duela; erasoa jasan duenarekin eta haren familiarekin harremanetan jarriko direla eta "erantzun egokia" emango zaiola.  

Lanketa, hiru norabidetan

Haujijijai festa batzordeko kide Leire eta Miren Arrietak adierazi dute "urte asko" daramatzatela festetan eraso sexistei aurre hartzeko kanpaina sustatzen, eta gaineratu dute egitasmoa "hiru norabidetan" ari direla lantzen. Zentzu horretan, esan dute festetako programan eraso sexistarik gabeko festak ospatzeko deialdiak "bere lekua" izan duela, eta gaineratu dute festak iragartzeko kalean, Perez Arregi plazan eta anbulatorio aurrean, jarritako kuboetan ere erasoen kontrako mezua jarri dutela. "Eskuorri bat atera dugu saninazioak gustura, libre eta seguru ospatzeko deialdiarekin, eta eraso sexisten aurrean nola jokatu azaltzen duen gomendio sortarekin". Horiez gain, gaineratu dute tabernetako eta txosnaguneko zerbitzariei formazio saioa eskaini dietela, erasoen aurrean "nola jokatu" azaltzeko. 

Arretari dagokionez, eraso sexista gabeko informazio eta arreta gunea saninazioetan egunero, arratsaldetik goizaldera, zabalik izango dela jakinarazi dute, Plaza Txikian. Eta Haujijijai festa batzordeko kideen esanetan, festetan "ez da onartuko" inongo erasorik onartuko eta "ez beti da ez, eta beraz, emakumeei, haurrei, gazteei zein helduei, erabakitzen dugun eran, gustura eta seguru festak goxatzeko deia egiten diegu herritarrei".