40 urtez kultur ondarea ereiten

Gipuzkoako Hitza 2017ko uzt. 28a, 12:24
Lehengo eta oraingo kideak elkartu ziren urteurreneko ekitaldian. (Alberto Beloki)

Azpeitiko Itsasi Dantza Taldeak botako du festetako suziria, herriko beste dantza taldeekin batera. Euskal dantzak oinarri izanda, estilo garaikideak jorratzen ditu egun.

Egunez nahiz gauez, dantzak protagonismo berezia izaten du festetan. Betidanik, eskutik lotuta joan izan dira biak. Aurten, gainera, inoiz baino dantzariagoak izango dira Azpeitiko jaiak. Herriko dantza taldeek botako dute saninazioetako txupinazoa, eta Itsasi Dantza Taldeak aitortza berezia jasoko du festen hasieran. Izan ere, aurten berrogei urte bete ditu taldeak. 1977an, saninazioetan eskaini zuen Itsasik lehenengo emanaldi ofiziala, eta lau hamarkada geroago, herrian erein duten ondarearen erakusgarri gisa aterako dira udaletxeko balkoira.

Mikel Larrañaga (Azkoitia, 1936) eta Begoña Aizpuru (Azpeitia, 1942) senar-emazteak dira Itsasiren sortzaileetako bi. Beren bizitzaren zati handi bat eskaini diote dantza taldeari, irakasle eta jantzien jostun moduan. Aurretik dantzari ibilita, Itsasi sortu eta herriko “mutil koskorrei” dantza erakusten hasi zen Larrañaga, 1977an. “Beste garai bat zen hura. Herriarengatik zerbait egin behar zen orduan”, dio sortzaileak, barrez. Azpeitian zegoen tailer zahar bat atondu, eta eskolak ematen hasi zen. Gerora, emakumezkoen taldea osatu zuten, eta astean bi egunetan, ordubeteko eskolak eskaintzen zituzten Larrañagak, Aizpuruk eta beste hainbat irakaslek. Ttuntturroen taldea ere osatu zuten ondoren. “Euskal dantzekin lotutako ahalik eta gauza gehien egin nahi genuen”.

Dantza tradizionalak irakasten zizkieten neska-mutilei. “Fandangoarekin eta arin-arinarekin hasten ginen, eta beste dantzak lantzen genituen gero: arku dantza, zortzikoa… Euskal dantza guztiak jorratzen genituen”, dio Aizpuruk. “Azpeitia inguruan egiten genituen lehenengo emanaldiak: Urrestillan, Nuarben… Han mokadutxoa ematen ziguten, eta gustura ibiltzen ginen”, oroitu dute.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.