Saninazioak 2017

Etxezarreta eta Azpiazu: "Bakailao Txapelketa festetan parte hartzeko eta ondo pasatzeko aukera ederra da"

Uztarria.eus 2017ko uzt. 27a, 16:16
Arantzazu Etxezarreta eta Iban Azpiazu, iaz irabazitako txapela jantzita.

Abuztuaren 1ean egiten den Bakailao Txapelketa irabazi zuten iaz Iban Azpiazuk (Azpeitia, 1987) eta Arantzazu Etxezarretak (Urrestilla, 1987). Sukaldariak ez diren arren etxean aritu izan dira aurrez bakailaoa prestatzen, eta aurten ere hartuko dute parte egitasmoan. Txapelketa irabaztera baino "ondo pasatzera" doazela diote. 

Iaz etxera eraman zenuten Bakailao Txapelketaren txapela. Bertan parte hartzen zenuten aurreneko aldia al zen?

Arantzazu Etxezarreta: Duela bi urte eman genuen izena aurrenekoz txapelketan. Ibanen nahia izan zen. Izugarrizko gogoa zuela eta pintxo poteo batean proposatu zidan, eta animatu egin nintzen. Festa egunez ezagutzeko aukera zela pentsatzen genuen, eta zer irtengo zen jakin gabe eman genuen izena.

Errepikatzea erabaki zenuten. Esperientzia ona izan zen, beraz?

A.E: Bakailao Txapelketari esker saninazioetako egunik politena bihurtu da abuztuaren 1a. Joan den urtean errepikatu egin genuen, eta aurten ere han izango gara.  Txapelketan parte hartu, ondoren prestatutakoa bazkaldu... plan ederra da. Gainera, nahiz eta 'txapelketa' izena daraman, lehiakortasunik ez dago. Parte-hartzaileak ondo pasatzera joaten gara, eta horren aitzakian goizetik irteten gara kalera.

40 minutu bakailaoa pil-pil eran egiteko. Aurrez prestatu izan al zarete plazara irten aurretik?

Iban Azpiazu: Bai, aurrenekoz txapelketan parte hartu aurretik prestatu genuen bakailao hiru bat aldiz. Hasieran ez zitzaigun bikaina atera, baina jardun ostean asmatu genuen. Plazan 40 minutu daude jakiak prestatzeko, eta ezin da miraririk egin. Ikustera inguratzen den jendea ere hor ibiltzen da gomendioak eman nahian, baina batzuetan muturra gehiegi sartzen dute. Lasai hartu, barre egin, eta aurrera...

Zein da bakailaoa pil pilean egitearen sekretua?

A.E: Uste dut ez duela sekretu askorik. Gu, behintzat, ez gara sukaldariak, eta ahalik eta onena egiten saiatzen gara. Horretarako etxean jardun behar.

I.A: Nik bere garaian esan nuen: sukaldean aritzeko kide ona bilatzea, kar, kar, kar. Ez dago sekretu askorik, jardutea eta jardutea da kontua. Izan ere, norberak jateko modukoa egin behar du, eta hori lortu artean...  

Bakailaoa zein modutara nahiago: pil-pilean edo...?

I.A: Pil-pilean ederra egoten da, eta gure bada askoz hobeto. Iaz, txapelketa irabazi genuenean, gustura asko jan genuen bakailao guztia...

A.E: Bakailaoa gustatzen zait, baina ez da gehien gustatzen zaidan arrain mota. Hala ere, edozein modutara prestatuta egoten da ona. 

Aritzen al zarete sukaldean?

I.A: Egia esan, justukoa. Jarduten gara, baina egunerokoak arroza, lentejak eta horrelakoak prestatzeko. Bakailaoa eta horrelakoak gure etxean gutxi.

Zergatik animatu beharko luke jendeak txapelketan parte hartzera? 

A.E: Festa egunez bizitzeko eta ezagutzeko aukera paregabea delako. Saninazioak ez dira gaueko parranda soilik, egunean zehar gauza politak egoten dira. Bakailao txapelketa festetan parte hartzeko eta ondo pasatzeko aukera ederra da. Dudarik gabe animatuko nuke jendea bertan parte hartzea.

I.A: Adin guztietako herritarrak elkartzen gara bertan, eta giro ederra sortzen da. Esaterako, gure koadrilako baten aitak ere hartzen du parte txapelketan, eta urte osoan zehar harekin egoten garen une bakarra izaten da abuztuaren 1ekoa.  

Eta bakailaoarena ez balitz, zeren txapelketa antolatuko zenukete? 

I.A: Edozerena. Patata tortilarena, paellarena... izan batena edo bestearena, berdin-berdin hartuko genuke parte.