Saninazioak 2017

Desenkajonamendua eta Udal Musika Bandaren pasodobleen kontzertua izango dira bihar

Uztarria.eus 2017ko uzt. 26a, 18:48

19:00etan izango da desenkajonamendua zezen plazan. Udal Musika Bandaren pasodoble kontzertua, aldiz, kioskoan izango da, 22:00etan.

Ekitaldiz betetako asteburuaren ostean eta Santio egunaren ajea igarota, festa giroa nabari da herrian, eta jaietako egitarauak aurrera jarraitzen du. Bihar, osteguna, desentajonamendua eta Udal Musika Bandaren kontzertua izango dira.

Aurtengo zezenketetan toreatuko dituzten zezenak aurkeztuko dituzte desenjakonamenduan, 19:00etan hasita. Bertara sartzeko txartelen leihatila 16:30ean zabalduko dute. Uztailaren 29an, larunbatez, Fuente Ymbro ganadutegiko zezenak toreatuko dituzte Curro Diazek, Miguel Angel Pererak eta Roca Reyk. Hilaren 30ean, San Inazio bezperan, berriz, Ana Romero ganadutegiko zezenekin ariko dira Curro Diaz, David Mora eta Borja Jimenez. Hirugarren eta azken zezenketan Cuadri ganadutegiko zezenak izango dira Azpeitiko zezen plazan, eta Paulita, Alberto Lamelas eta Sebastian Ritter izango dira toreatzaileak. 

Udal Musika Bandaren urteroko pasodoble kontzertua ere bihar eskainiko dute, 22:00etatik aurrera, kioskoan.