Sammic ISB, Espainiako Urrezko LEB Ligara jauzia egiteko prest

Uztarria.eus 2017ko uzt. 26a, 18:11
Iraurgiko kideak, Sammic enpresako ordezkariak eta Azpeitiko Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko kideak. (Sammic)

Gaur goizean aurkeztu dute Espainiako Urrezko LEB Ligan jokatuko duen taldea Donostian. Han izan dira, ISBko, Sammic enpresako eta Azpeitiko Udaleko nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak. Urriko lehen asteburuan jokatuko du Sammic ISBk ligako lehen partida etxean, Basquet Coruñaren aurka.

Gaur, asteazkena, aurkeztu dute Espainiako Urrezko LEB Ligan jokatuko duen Sammic ISB taldea Donostian. Hain zuzen ere, aurkezpenean izan dira taldearen patrozinatzaile izango den Sammic enpresako ordezkariak eta taldea diruz lagunduko duten Azpeitiko Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, hala nola Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburua eta Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol diputatua eta Goizane Alvarez aldundiko kirol zuzendaria –Azkoitiko Udaleko ordezkaririk ez da izan prentsaurrekoan, "agenda arazoengatik"–. Iraurgi Saskibaloi Taldeko lehendakari Maier Lizaso eta klubaren zuzendari Jose Luis Zubizarreta ere han izan dira. Horiez gain, aurkezpenean izan da Lolo Encinas gizonen lehen taldearen entrenatzaile berria.

Maier Lizaso klubaren lehendakariak eskerrak eman dizkio Sammic enpresari, “laugarren urtez” lagunduko duelako taldea. “Eskertzekoa da esfortzu hori egitea. Bi herri txikitako talde bat gara, eta enpresa askok laguntzen gaituzten arren, Urrezko LEB Ligan aritzeko esfortzu handiagoa eskatu genion Sammici, eta onartu egin du. Beraz, oso eskertuta gaude”. Bestalde, Lizasok gogorarazi du “urte gogorra” izango dela datorrena, baina “ilusioarekin” daudela.

Taldearen entrenatzaileak ere hartu du hitza. Hark gogorarazi du Sammic ISB kantxan lortutakoari esker dagoela Urrezko LEB Ligan, eta talde hori gidatzeko duen “zorteaz” ohartarazi du. “Azken urteetan bizi izan dudanarekin, sorpresa izan zen ISBk deitzea, berriz etxera itzultzea. Halere, postu hori irabazita zuen pertsona Iker Bueno zen, eta harekin gogoratu beharra daukagu, bera izan baitzen taldea mailaz igo zuen entrenatzailea. Arazo pertsonalak tarteko ez du jarraituko Sammic ISBrekin, baina Iraurgiren historiarako garrantzitsua izan da”. Encinasek “gustura eta gogotsu” dagoela jakinarazi du. “Duela hamabi urte-edo egon nintzen taldera itzuli naiz, eta harrituta nago ordutik hona kluba nola hazi den ikustearekin; izan ere, ISBk talde bat du Urrezko LEBen eta beste bat Emakumeen 2. Ligan, eta uste dut ez dagoela maila horietan talde bana duen beste klubik”. Encinasek azaldu duenez, Gipuzkoako jokalariekin osatu nahi dute taldea. Zubizarretak azaldu duenez, horrek ematen dio “balio erantsia” taldeari. “Balio erantsia da Gipuzkoako jendea edukitzea taldean; ez soilik jokalariak, baita entrenatzaileak eta talde teknikoa ere”. Sammic ISBk bi jokalari ditu jomugan, hala azadu du entrenatzaileak: “Gaizka Maizarekin eta Aitor Zubizarretarekin ari gara hizketan, eta erabakia datozen asteetan hartzea aurreikusten dugu”. Bestalde, Ibon Guridirekin etxeko jokalariarekin jarraitzea nahi duela esan du, nahiz eta badakien liga berriak esfortzu handia eskatzen duela egutegiari dagokionez. “Iaz taldean aritu zirenekin eta Gipuzkoako beste hainbat jokalarirekin ere ari gara hizketan”, aurreratu du Encinasek.

Klubeko kirol zuzendariak denen laguntza beharko dutela esan du, “liga handi batean jokatuko duen klub txiki bat” delako ISB. “Amets bat bizitzen ari gara, baina hankak lurrean ditugu. Ezin dugu gure esentzia galdu. Dena ongi egin ez badugu ere, lan asko eginda iritsi gara hona. Eta maila hauetan lana soilik egiteak ez du balio. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiogu Sammici, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Azkoitiko eta Azpeitiko udalei”.

Itxaso diputatuak “zorionak” eman dizkio ISBri, asteotan egindako lanagatik eta harrobitik hasita egiten duen lanagatik. Gainera, GBCk, ISBk eta aldundiak izenpetutako akordioa “oso ona” dela adierazi du. “Urteetan lortu ez duguna lortu dugu akordioarekin; Gipuzkoako gizonen saskibaloia ordenatzea”. Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburu Estitxu Elduaienek esan du ez zutela zalantzarik egin taldea babesterakoan, badakitelako zenbat lan egiten duten. “Hor egongo gara”, esan du Elduaienek.

Zubizarretak azaldu duenez, aurten 420.000 bat euroko aurrekontua du taldeak, eta hainbat ekintza egingo dute dirua biltzeko. Gainera, Sammic ISBk “ikusgarritasuna” emateko partidak streaming bidez ematea aurreikusten du klubak, eta horretan ari direla lanean esan du Zubizarretak.

Lehen partida, etxean

Urrezko LEB Ligako lehen jardunaldia urriko aurreneko asteburuan izango da. Sammic ISBk Basquet Coruña taldea izango du aurrez aurre, Azpeitiko kiroldegian jokatuko duten partidan.