Hemen da baserritarren eguna

Uztarria.eus 2017ko uzt. 24a, 20:19
2016ko santio eguneko irudia. (Maialen Etxaniz)

Festa giroan jarraitzeko aukerarik ez da falta herrian. Bihar jarraituko du festak, Santio egunarekin. Gazta eta sagardo lehiaketa, pilota partidak, errekortariak eta kantu poteoa izango dira, besteak beste. 

Zapatuan hasi zen Azpeitia festetan murgiltzen, eta jaiez gozatzen jarraitzeko aitzakiarik ez da falta. Izan ere, gainean da baserritarren eguna. Bihar, Santio eguna, jarraituko du festetarako prestatutako egitarauak.

Urolakoen Napar Zuzterrak Taldeko kideak izango dira aurrenak, goizean "nafar banderari gorazarre" egiteko prestatutako ekitaldia izango baita, Perez Arregi plazan elkartuko dira 10:30ean, 11:00etan abiatuko dira Erdikaletik plazara eta 11:15ean ekitaldia egingo dute han. Bertan txalaparta, irrintziak jotak eta Nafarroako dantzak izango dira, besteak beste. 

Biharko egunez, urtero izaten duten bezala, pilotazaleek hitzordua dute Frontoi Txikian. Goiz partean XXXIII. Cesar Valverde Txapelketaren finalak jokatko baitituzte Ilunpeko pilotariek. Bitarte horretan eskualdeko arraza ezberdinen ganadu erakusketa egongo da. Gaur ateak zabaldu dituen azoka plazan, berriz, XIX. Gazta Lehiaketa egingo dute. 

12:00etan XLV. Sagardo Lehiaketak hartuko du plazan. Txekor errea eta parrillan egindako hegaluzea dastatzeko aukera izango dute bertara hurbiltzen diren herritar guztiek. Aldi berean, Amets Arzallus, Beñat Lizaso eta Sebastian Lizaso bertsotan ariko dira, baserritarren eguna girotzen, Laja (aita-semeak), Lutxurdio eta Berastegi trikitilariekin batera.

Arratsaldean kanturako tartea hartuko dute Kantujirakoek eta Marea Arroxak, eta abestera irtengo dira kalera 18:00ean hasita, San Martin egoitzatik.Zezen plazara hurbiltzen direnek, aldiz, errekortarien ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute, 18:30etik aurrera.  

Egitaraua osorik, hemen: 

10:30ean: Goiz eresia, Udal Musika Bandaren eta Izarraitz txistulari taldearen eskutik.

XXXIII. Cesar Valverde Txapelketaren finalak, Frontoi Txikian.

Kategoriak: benjamin aurre B, benjamin aurre A, benjamin  B, benjamin A, alebin eta infantil.

11:00etan: Eskualde mailako arraza ezberdinen ganadu erakusketa: limusina, blonda, pirenaika...

XIX. Gazta Lehiaketa. Idiazabal jatorri deituraren barne dagoen artzain gaztak parte hartu ahal izango du.

Hazparnekoei harrera eta ongi etorria. 

12:00etan: XLV. Sagardo Lehiaketa, plazan. Txekor errea eta parrillan egindako hegaluzea dastatzeko aukera izango dute bertara hurbiltzen diren herritar guztiek. Aldi berean, Amets Arzallus, Beñat Lizaso eta Sebastian Lizaso bertsotan ariko dira, eta Laja (aita-semeak), Lutxurdio eta Berastegi trikitilariek beren doinu eta kantuez alaituko gaituzte.

18:00etan: Kantu poteo arroxa, San Martin egoitzatik hasita.

18:30ean: Errekortariak, zezen plazan.

19:30etik 22:30era: Jainekin txarangaren musika alaia, kaleetan zehar.