"Oportunismoaz jokatzea" leporatu dio Udal Gobernuak EAJri

Uztarria.eus 2017ko uzt. 21a, 17:38
Sanjuandegiko geltokietara itzuli dira autobusak.

Sanjuandegiko autobus geltokiaren inguruan Udal Gobernuari "gardentasun falta" egotziz EAJk idatzitako oharra "harriduraz jaso" duela adierazi du Udalak.

Sanjuandegiko autobus geltokiaren inguruan Udal Gobernuari "gardentasun falta" egotziz EAJk idatzitako oharra "harriduraz jaso" duela adierazi du Udalak, eta gaineratu du "prozesua luzea"  izan dela, Udaleko hainbat batzordetan landu dutela gaia, herritarrekin ere "bilera eta batzar ugari" egin dituztela, eta, beraz, ezin daitekela esan erabakia "oso denbora gutxian" hartua izan denik.

Era berean, Udalak oposizioko alderdiari leporatu dio lehendik ere behar baino gehiago "gaiztotu" den eztabaida "puztu eta nahastu" nahian dabilela. Udalaren esanetan, eztabaida "bideratu" eta mugikortasunaren inguruko debate "sanoago bat sustatu" beharrean, egoera "aprobetxatu" nahi izan du EAJk, "ur mugituetan arrantzuan egin eta alderdiarentzat onurak lortzeko". Horiez gain, Udal Gobernuak dio autobusaren eztabaidaren inguruan egindako adierazpen horiek ezin direla "ulertu" herri eraikuntzan ekarpen "positiboa" egin nahi duenaren ikuspegitik.

Autobus geltokia berriz Sanjuandegin jartzeko erabakiaren inguruan EAJri informazio teknikoa ezkutatu izana ez dela egia esan du Udalak. "Are gehiago, Udal Gobernuak agindua emana du, ez oposizioko kideei bakarrik, baizik eta horrela eskatzen duten herritar guztiei ere beharrezko informazioa emateko. Beraz, Udal Gobernuari gardentasun falta egozteko patroi hori, erabaki zailetatik aldendu eta aderdi onurak bilatzeko estrategia baten baitan soilik ulertu dezakegu".

Gaineratu dute EAJk bere oharrean "koherentzia falta" aipatzen duela, baina azkenengo Hirigintza Batzordean EAJko bozeramaileak berak onartu zuela geralekua Sanjuandegin mantentzeko erabakia "aho batez" hartua izan dela. Horren aurrean, hainbat galdera luzatu ditu Udal Gobernuak: "Ez ote da koherentzia falta erabaki hori publikoki ez defendatzea? Edota autobusaren geralekuak Esklabatan izan beharko luketela uste ote dute EAJkoek eta Udaleko batzordeetan gaia landu denean ez digute jakinarazi?".