'Leku bat munduan' erakusketa ikusgai izango da ostiraletik aurrera, Loiolako basilikaren atzeko zelaietan

Uztarria.eus 2017ko uzt. 19a, 14:55
Loiolako Santutegiaren atzeko zelaietan jarri dituzte panelak. (Jesusen Lagundia)

Loiolako Santutegiak eta Alboan gobernuz kanpoko erakundearen arteko elkarlanaren fruitua da Loiolan jarriko duten erakusketa. 15 panelek osatuko dute Leku bat munduan argazki bilduma.

Leku bat munduan argazki erakusketa ikusgai izango da Loiolako Santutegiaren atzeko zelaietan ostiraletik, hilaren 21etik, aurrera. Burdinezko 15 panelek osatuko dute erakusketa. Jesusen Lagundiako kideek eta Alboan gobernuz kanpoko erakundeak "garaiotako drama humanitario handienetako batera gerturatu eta inguruko pertsona migratzaileen alde lan egiten duten elkarteei laguntzea" dute helburu, Leku bat munduan erakusketaren bidez.

"Urtero, milioika pertsonek uzten dituzte beren etxeak hainbat arrazoik bultzatuta: gerra, jazarpen politikoa, hondamendi naturalak, degradazio ekologikoa, bizimodua irabazteko baliabideen gabezia eta beraien bizia edo askatasuna mehatxatzen dituzten bestelako egoerak", azaldu dute Jesusen Lagundiako eta Alboaneko kideek, eta egoera horiek erakutsi nahi dituzte Loiolan jarriko dituzten burdinezko 15 panel horien bidez.