Azpeitiko Antxietako kideek labar artea aurkitu dute Debako Arbil V kobazuloan

Uztarria.eus 2017ko uzt. 18a, 20:37
Elur orein ar baten irudia agertu da leizean. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Bi animaliaren irudiak aurkitu dituzte kobazuloaren hormetako batean, eta beste hainbat grabaturen aztarnak ere agertu dira horma berean. Aurkikuntza joan zen martxoaren 26an egin zuten, eta EHUko adituek ikerketarekin jarraitzen dutela esan dute.

Azpeitiko Antxieta jakintza taldeko kideek Goi Paleolitoko hainbat labar arte aurkitu dituzte Debako Arbil V kobazuloan. Gaur eman dute grabatuen aurkikuntzaren berri Antxietako kideek, EHUko aditu talde batek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Oraindik margoak aztertzen ari dira, baina ziurtatu dute Goi Paleolitikoak direla, Madeleine aldikoak hain zuzen; duela 15.000 eta 10.000 urte inguru eginak.

Bi animaliaren irudiak aurkitu dituzte kobazuloaren hormetako batean: orein eme baten irudi osoa eta elur orein ar bat izan daitekeen beste figura bat. Beste hainbat grabaturen aztarnak ere agertu dira horma berean, baina oraindik ez dituzte identifikatu.

Aurkikuntza joan zen martxoaren 26an egin zuten Jose Inazio Arrietak, Jabier Lazkanok, Iñigo Olartek, Javier Maizek, Iñigo Arizagak, Aitor Suinagak, Andres Maizek, Xabier Azkoitiak, Igone Elejaldek eta Ion Urangak. EHUko adituek baieztatu egin zuten aurkikuntzaren garrantzia, eta ikerketarekin jarraitzen dutela esan dute.

Ez da Antxieta taldekoek egiten duten arte parietalaren lehen aurkikuntza; izan ere, Danbolinzulon, Erlaitzen eta Astuigainan ere egin dituzte aurkikuntzak Azpeitiko taldekoek.

Arbil V kobazuloa duela hamarkada batzuk aurkitu zuten Azkoitiko Munibe taldeko kideek.