Urola bailarako turismo eskaintza jasotzen duen mapa aurkeztu dute

Uztarria.eus 2017ko uzt. 18a, 19:59
Turismo mapa berria sustatu duten erakundeen ordezkariak, gaur, Bainuetxe atarian. (Ainitze Agirrezabala)

Urola bailarako eta kostako turismo bulegoetan eta azoketan jarriko dute eskuragarri. Explore San Sebastian Region turismo markak Donostiako Bulebarrean duen bulegoan ere jarriko dituzte eskuorriak bisitarien eskura.

Urola bailarako zazpi herrietako turismo eskaintza orokorra biltzen duen eskuorria aurkeztu dute Iraurgi Berritzen garapen agentziak, Urola Turismoak, Euskadi Basque Countryk eta Explore San Sebastian Regionek gaur, Zestoako bainuetxean.

Jorge Oteizaren Azkoitiko zazpi frontoiak, Loiolako Santutegia, Burdinbidearen Euskal Museoa, Zestoako Ekainberri eta Lili jauregia, eta Zumaiako itsaslabarretako parajeak dira, besteak beste, Urola bailarako zazpi herrietako eskaintza turistikoa jasotzen duen eskuorrian aurkitu daitezkeenak. Azkoitiko, Azpeitiko, Beizamako, Errezilgo, Zestoako, Aizarnazabalgo eta Zumaiako udalek duela bost urte sinatu zuten hitzarmenean du sorburua Urola bailarako eskaintza turistikoaren mapak. Hala adierazi du Zestoako alkate Josetxo Mendizabalek: "Logika geografikoak hala aginduta, ohitura dugu barnealdeko eta kostaldeko turismoa bereizteko, baina eskaintza turistikoari dagokionez, hasi Azkoititik eta Zumaiaraino, bailara bat gara. Zentzu horretan, turismoa saltzeko garaian, herri batetik bestera jarraitasuna dago. Gisa horretan, Urola bailara  bisitatzera datorrenari herri bakoitzeko berezitasunak produktu eta izen baten barnean bilduta saldu behar dizkiogu".

Hiru dimentsioko mapa

Iraurgi Berritzen garapen agentziako turismo teknikari Jexux Mugikaren esanetan, zazpi herrietako udal ordezkariek 2002an izan zuten perspektiba bisualizatu nahi izan dute maparekin: "Banaketa administratiboak hor daude, baina horiek gainditu, bisitarien azalean jarri eta bailarako bi puntu nagusiak batzen dituen turismo mapa irudikatu nahi izan dugu".

Turismo teknikariak gaineratu du, duela hiru urte inguru Debako Kaioa enpresarekin harremanetan jarri zirela, Urola Erdia, Zumaia eta Donostia arteko kostalde guztia hiru dimentsioko mapa batean irudikatzeko. Mugikak adierazi duenez, kanpotik hona datozen bisitarientzat erreferentzia da Donostia, eta, beraz, "garrantzitsua da oso non gauden kokatuta eta zer eskaintza turistiko dugun modu bisual batean azaltzea. Modu horretan, turismoa barnealdera erakartzea lortuko genuke, kostaldeko eta Donostiako turismoa jasangarriagoa eginez".

"Etorkizun sena"

Urteetan "isilpean" egindako lana orain "gorpuzten" ari dela adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendari Maite Cruzadok, kaleratu berri duten eskuorriari erreferentzia eginez. Cruzadoren esanetan, "begibistakoa" da turismoaren internazionalizazioa, eta zentzu horretan, Urola bailarako turismoaren inguruko informazioa jasotzen duen eskaintza Explore San Sebastian Region turismo marka horretara gehitzeko zazpi udalerriek izan duten "jarrera eta etorkizun sena gakoa" direla esan du.

Explore San Sebastian Region turismo markaren Bulebarreko bulegoak duela urtebete zabaldu zituela ateak gogora ekarri du Turismo zuzendariak, eta jasotako datuen arabera, handik igarotako bisitarien %61 atzerritarrak dira. "Turismoa naizoartekotzeko ikuspegiarekin, eta gure eskaintza munduan ezagutzera emateko, helburua da Donostiatik inguruko bailaretara fluxu turistikoa sortzea. Kultura, gastronomia, historia, kirola... ditugu eskaintzeko, baina garrantzitsua da". Era berean, Cruzadok dio "oso garrantzitsua" dela eskaintza turistiko hori edukiz hornitzea, modu horretan, bisitariei gure artean egun gehiagoz geratzeko bidea zabaltzeko.

Zazpi herrien informazioa eta mapa biltzen dituen eskuorria begi bistara "erakargarria" dela adierazi du Mugikak. Eta gaineratu du, eskuorria banatzeko eta produktuaren marketinerako "sare polita" osatu dutela. Hala, Urola Bailarako eta kostako turismo bulegoetan eta azoketan jarriko dute eskuragarri. Explore San Sebastian Region turismo markak Donostiako Bulebarrean duen bulegoan ere jarriko dituzte eskuorriak bisitarien eskura.