Loiola-Azpeitia 2021 turismo akzio plana sustatzeko nahia agertu dute Udalak eta hainbat erakundek

Uztarria.eus 2017ko uzt. 18a, 17:17

Udal ordezkariak, Gipuzkoako turismo arduradunak, Basquetour Eusko Jaurlaritzaren turismo agentziako arduradunak eta Jesusen Lagundiako kideak Loiolan elkartu ziren atzo, hilak 17, 2021ean ospatuko den 500. Inaziotar urtearen baitan "estrategiak lerrokatu eta Inaziotar bidearen inguruan hitz egiteko". Izan ere, Azpeitiko Udalak esan duenez, "hori izango da turismoarentzako amua".

Atzoko hitzorduan, Agustin Lizarralde Udaleko turismo zinegotziak, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Basquetourreko Harkaitz Millanek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendari Maite Cruzadok eta Jesusen Lagundiako Ignacio Etxartek beren ikuspuntuak batu eta erakunde guztien artean urteurren horrek eskaini ditzaken "aukerak" aztertu eta sortuko dituen "beharrak" aztertzeko konpromisoa hartu zuten.

Bileraren ostean, erakunde guztietako kideek turismo estrategiak "marko egokian" aztertzeko beharra azaldu zuten. Horrez gain, datorren udazkenetik aurrera, helburu gida Loiola-Azpeitia 2021 hartuta, akzio plan bat egin eta bultzatzeko konpromisoa agertu zuten.