Euskal Herriko Herriarteko finala ikusteko doako autobusa eta sarrera izango dituzte zaleek

Uztarria.eus 2017ko uzt. 18a, 15:19

17:30ean abiatuko dira autobusak, anbulatorio aurretik. Aurrez izena eman behar da, Ilunperi korreo elektronikoa bidalita edo Mugari eta Korrale tabernetan.

Gasteizen aurkako finalaurrekoa aise irabazi ostean, ostiralean jokatuko du Azpeitiak Euskal Herriko Herriarteko Txapelketaren finala, Usansoloren aurka. Pilota zaleak norgehiagokak ikustera joan daitezen errazteko asmoz, Azpeitiko Udalak eta Ilunpe elkarteak doako autobusak antolatu dituzte Larrabetzuko pilotalekura joateko, eta sarrera ere doan izango dute.

17:30ean abiatuko dira anbulatorioko geltokitik, eta finala amaitutakoan itzuliko dira herrira. Horretarako, aurrez izena eman behar da, ilunpeelkartea@gmail.com helbidean izen-abizenak, harremanetarako telefonoa eta autobus zerbitzua erabiliko duten lagun kopurua zehaztuta; edo, Korrale eta Mugari tabernetan izen-emate orria beteta.

Ilunperen hitzetan, Azpeitiak Euskal Herriko txapela eskuratzeko "inoiz baino garrantzitsuagoa"  izangu du zaleen laguntza. Hala, finalera joateko deia luzatu die zale guztiei.

Hirugarren urtez jarraian jokatuko du Azpeitiak Euskal Herriko Herriartekoaren finala. 19:00etan hasiko dira partidak, Larrabetzuko pilotalekuan, eta Usansoloko pilotariekin neurtuko dituzte indarrak Ilunpekoek.