Betharrametan eta Perretxikoan jarriko dituzte barrakak festetan

Uztarria.eus 2017ko uzt. 17a, 12:00

Betharram eraikina berritzeko lanak tarteko, barraka guztiaz ez dira kabitzen eraikin horren jolastokian. Horregatik, umeei zuzendutako barrakak Perretxikuan jarriko dituzte, eta nerabeei zuzendutakoak Betharramen. Barraketako umeen eguna uztailaren 27an izango da, eta euro batean erosi ahalko dira barraketarako txartelak egun horretan.

Datozen egunetan hasiko dira barrakak herrira iristen, eta aurten izango da aldaketarik horien kokapenari dagokionez. Betharrametako eraikina eraberritzeko lanak martxan direnez, barraka guztiak ez dira eraikin horren jolastokian kabitzen, eta Udalak erabaki du aurten bi gunetan jartzea horiek: Betharrametan eta Perretxikoan. Hain zuzen ere, Betharrametako eraikinaren jolastokian gaztetxoei eta nerabeei zuzendutako barrakak izango dira, eta umeei zuzendutakoak Perretxikoan.

Udalak jakinarazi duenez, ostegun honetan, hilak 27, zabalduko dituzte barrakak, eta egunero martxan izango dira abuztuaren 2a bitartean. Gainera, umeen eguna uztailaren 27an, ostegunez, izango dela aurreratu du Azpeitiko Udaleko Festa Batzordeak. Egun horretan, 16:30etik aurrera, euro batean eskuratu ahal izango dira barraketarako fitxak. Gainerako egunetan, berriz, 1,80 euro ordaindu beharko dira.