Azpeitiak Euskal Herriko Herriartekoaren finala jokatuko du

Uztarria.eus 2017ko uzt. 15a, 20:55
Markel Etxaniz gaurko partidako une batean. (Julene Frantzesena)

Erraztasun osoz eskuratu dute Azpeitiko pilotariek Euskal Herriko Herriarteko Txapelketaren finalerako txartela gaur arratsaldean, Gasteizen kontrako finalaurrekoan. Larrabetzun jokatu dituzte norgehiagokak, eta dozenaka azpeitiar izan da herriko pilotariak animatzen. Lehen norgehiagoka 22 eta 7 irabazi dute; 22 eta 6, bigarrena; eta, hirugarrengoa, 22 eta 4. Datorren ostiralean, 19:00etan, izango da finala Larrabetzuko pilotalekuan, eta Usansoloko pilotariak izango dute aurrez aurre azpeitiarrek.

Azpeitiak erraz lortu du gaur, zapatua, Euskal Herriko Herriarteko Txapelketaren finalerako txartela. Arabako talde txapelduna, Gasteiz, izan du aurrez aurre Gipuzkoako txapeldunak, eta 3 eta 0 nagusitu da Azpeitiko taldea. Larrabetzuko (Bizkaia) pilotalekuan jokatu dute finalaurrekoa bi taldeek, eta datorren ostiralean ere hantxe jokatuko du Azpeitiak txapelketaren finala. Hain zuzen ere, 19:00etan hasiko dira partidak, eta Usansoloko pilotariak izango dituzte aurkari Ilunpekoek. (Usansolok gaur lortu du finalerako txartela, Doneztebe 2 eta 1 mendean hartuta).

Ilunpek ez zuen autobusik antolatu gaurko partidarako, baina, hala ere, Azpeitiko dozenaka zale izan dira Larrabetzun. 17:00etan hasi dira esku-pilota partidak. Lehen neurketa, kadeteena, Aimar Egigurenek eta Unai Alberdik jokatu dute, eta 22 eta 7 nagusitu dira. Bigarren norgehiagoka, jubenilena, Jon Alberdik eta Gorka Iriartek jokatu dute, eta hasieran lehia izan bada ere, laster lortu dute azpeitiarrek markagailuan tartea egitea. Partida 22 eta 6 bukatu da. Bi partidak irabazita eta finalerako txartela eskuetan zutela kantxaratu dira Markel Etxaniz eta Josu Uzkudun pilotari seniorrak, eta horiek ere azkar hartu dituzte mendean gasteiztarrak. 22 eta 4 bukatu da horien partida.

Hirugarren urtez jarraian jokatuko du Azpeitiak Euskal Herriko Herriartekoaren finala. Ostiralean, 19:00etatik aurrera, Usansoloko pilotariekin neurtuko dituzte indarrak Ilunpekoek, gaurko toki berean, Larrabetzun.