Hasi da XIV. Auto Klasikoen Rallya

Uztarria.eus 2017ko uzt. 15a, 13:55

Gaur, zapatua, ari dira egiten Azpeitiko Auto Klasikoen Rallyaren XIV. edizioa. Epaitegiaren aurreko plazatxoan elkartu dira parte-hartzaileak 09:00etarako, eta 90 bat auto inguru ikusgai izan dira bertan; izan ere, han egin dituzte rallya hasi aurreko egiaztatzeak-eta. Ikusmina sortu du rallya hasi aurreko autoen erakusketak, eta hainbat lagun izan da 25 urte baino gehiago dituzten ibilgailuak ikusten.

11:00etan hasi dira parte-hartzaileak banan-banan plazatik ateratzen. Azkoititik, Bergaratik, Oñatitik, Gabiriatik, Mutiloatik, Larraunetik, Aiatik, Zarauztik eta Zestoatik igaroko dira autoak egun osoan zehar. 200 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta horietatik 148 izango dira erlojupekoak. Bazkaldu aurretik Gorla, Angiozar eta Zerain tramoak egingo dituzte, eta arratsaldean Ñañarri eta Andazarrate. Aiara iritsiko dira azken tramo hori eginda 17:00ak aldean, eta han probaren zuzendari izandako Maykel del Cid omenduko dute. Ondoren, Lokate eta Meaga tramoak eginda, Zestoara iritsiko dira. Gero, Etumeta tramoa egingo dute, eta 21:00ak aldean iritsiko dira parte-hartzailea epaitegiaren plazara.