Diputazioak dio Udalarena dela Sanjuandegiko autobus geltokien inguruko erabakien erantzukizuna

Uztarria.eus | Hirigintza | Artikulua
2017-07-14 18:05

Aldundiak esan du Mugikortasun Departamenduak egin duen bakarra izan dela "segurtasuna zaintzea, mugikortasun egokiena eskaintzea eta Udalari ibilbidearen puntu batzuetan zer aldaketa egin beharko liratekeen adieraztea".

Etxebeltz-Izarra eta Sanjuandegi lotzen dituen zubia. (Azpeitiko Udala)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Lurraldebuseko zerbitzuan Azpeitian egin diren geralekuen aldaketei dagokienez, ohar bat helarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamenduak. Bertan, zenbait azalpen eman ditu aldundiak: "Azpeitiko herritarrei argitu nahi diegu alkatearena eta Udal Gobernuarena dela gaiari buruz hartutako erabakiaren erantzukizuna eta herritarrei erabaki horren kudeaketa azaltzeko ardura".

Aldundiak argitu du Azpeitiko alkateak eta Udal Gobernuak erabaki dutela, beren eskumenak erabilita, geldialdiak Sanjuandegin egitea. "Udalaren erabaki horren aurrean, Mugikortasuneko Departamenduak egin duen bakarra izan da bere eskumenari dagokiona: segurtasuna zaintzea eta mugikortasun egokiena eskaintzea, azpeitiarrei zerbitzu publikoa bermatu ahal izateko; eta Udalari ibilbidearen puntu batzuetan zer aldaketa egin beharko liratekeen adieraztea, autobusak modu egokian eta seguruan ibil daitezen".

Hortik aurrera, egokitzapen lanen ondorengo kudeaketa eta herritarrekiko harremana "Udalaren ardura da erabat", diputazioaren arabera. "Hau da, alkatearen eta Udal Gobernuaren eskumenekoa, eta, hortaz, inola ere ez Gipuzkoako Foru Aldundiarena".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa