Aldundiak 200.000 euro jarriko ditu Basazabal jauregia birgaitzeko

Uztarria.eus 2017ko uzt. 14a, 18:58
Denis Itxaso eta Eneko Etxeberria, Basazabal jauregiaren aurrean.

Beheko solairuan turismo bulegoa zabalduko dute, eta goiko solairuetan, erabilera anitzeko gelak: liburutegia, ikastaroak egiteko guneak, ekitaldietarako aretoa... Datorren Aste Santurako gunea zabaltzea aurreikusten du Udalak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 200.000 euro bideratu ditu Basazabal jauregia birgaitzera. Gaur eguerdian sinatu dute hori jasotzen duen hitzarmena Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eta Denis Itxaso Kultura diputatuak udaletxean. Orotara, 642.000 euroko kostua du proiektuak, eta Eusko Jaurlaritzak beste 300.000 euroko partida jarri du.

Espainiako Kultura Ministerioak 1964an monumentu gisa aitortu zuten Basozabal jauregia, eraikinaren interes historiko eta artistikoagatik. 1984an, berriz, Eusko Jaurlaritzak ondare kultural gisa aitortu zuen, monumentuen kategoriaren barruan. Eraikina duela 35 urte birgaitu zuten, baina 35 urte erabili gabe igaro ostean, "kalte nabarmenak" ditu. Eta, hain zuzen, guneari erabilera ematea da hitzarmenaren asmoa.

Lau solairu ditu eraikinak. Beheko solairuan turismo bulegoa zabalduko dute, eta goiko solairuetan, erabilera anitzeko gelak: liburutegia, ikastaroak egiteko guneak, ekitaldietarako aretoa... Agustin Lizarralde zinegotziak adierazi duenez, babestutako eraikin gisa aitortuta dagoenez, etxearen egitura mantendu egin behar da, eta "eraikinaren filosofiarekin bat egiten duten gela anitzak" eraikiko dituzte.

"Iragana etorkizunari begira"

Etxeberriak adierazi du "hitzarmen garrantzitsua" dela gaur sinatu dutena. "Ondare historikoa izateaz gain, Gipuzkoako jauregi urbano bakarra ere bada Basazabal, ahoa zabalik uzten duen eraikin horietakoa". Haren arabera, "iragana etorkizunari begira" jarriko dute proiektuaren bidez. "Ez zen ezertarako erabiltzen eraikina, hondatzen ari zen, eta orain jarduera ekonomikora bideratuko dugu". Etxeberriak azaldu du azken urteotan lantzen ari diren estrategiaren barruan kokatuko dela proiektua. "Estrategia hori da Loiolatik herriruntz ekartzea bisitariak". Haren ustez, bide horretan, "oso elementu inportantea" izango da Basazabal. Horrez gain, Etxeberriaren esanetan, Alde Zaharra biziberritzen ere lagunduko du.

Itxasok ere eraikinaren balioa nabarmendu du: "Eraikin aparta da. Duela urtebete joan nintzen jauregia ikustera, eta maitemindu egin nintzen". Haren arabera, Berpizkunde garaiko eraikina da, eta halako ondare bat errekuperatzea eta turismora bideratzea "benetan interesgarria" da. Haren ustez, turismo bulego bat halako leku batean egoteak berak erakarriko ditu bisitariak eraikina ikustera eta ondare horren inguruan dagoen herrigune historiko guztia ezagutzera. Horregatik, iruditu zitzaion merezi zuela proiektuari babesa ematea. "Ondare baten etsairik okerrena erabilerarik ez ematea da".

Obrak, martxan

Dagoeneko martxan dira Basazabal jauregiko obrak. Hainbat fasetan egingo dituzte lanak: teilatua konpondu zuten lehenik, eta orain eraikinean azterketa teknikoak-eta egiten ari dira. Udalak adierazi duenez, aurreikusten dute urte bukaerarako amaituko dituztela lanak. Gero, instalazioak jarri eta barrutik ornituko dute. Lizarraldek azaldu duenez, datorren urteko Aste Santurako zabaldu nahi dute gunea.

Etxeberriak aldundiak emandako babesa eskertu du: "Garai hauetan, oraindik ere krisitik ateratzen ari garenean, eskertzekoa da baliabideak lotzea eta sentsibilitatea bilatzea horrelako proiektuen aldeko apustuak egiteko". Era berean, eskerrak eman dizkio Itxasori proiektuan sinesteagatik.