Udaleko, enpresetako eta Iraurgi Berritzeneko kideek Hazparneko Lauak enpresa bisitatu dute

Uztarria.eus 2017ko uzt. 13a, 17:22

Azpeitiko Udalak herriko nahiz herritik kanpoko hainbat enpresa bisitatu du azken hilabeteotan, eta duela aste batzuk Hazparneko Lauak enpresan izan zen udaleko eta Iraurgi Berritzeneko hainbat ordezkari. Haiekin batera egin zuten bisita Glualeko, Zubiolako, Talleres Mecanicos Muruako, Munibe Groupeko eta Mecanizados Tracer enpresetako kideek.

Lapurdiko enpresa ezagutzeko parada izan zuten bisitari esker, eta udalak adierazi duenez, enpresen arteko ezagutza sustatzeko eta lan aukerak aztertzeko aukera ere izan zuten. "Hazparneren eta Azpeitiaren arteko senidetza sinbolikoa eta herritarren artekoa izateaz gain, industriala, instituzionala… izateko lanean ari gara. Gure herriko enpresek Hazparnen dituzten aukerak lantzea ere badugu helburu eta horixe lortu nahi izan dugu bisita honekin”, adierazi du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. Alkateak esan duenez, Hazparneko enpresekin izandako lehen kontaktua izan da Lauakeko bisita, "baina ez da azkena izango".

Areonautikarako piezak hornitzen dituzte Lauak enpresan, eta Lapurdiko lantegirik handienetakoa da; izan ere, 545 beharginek egiten dute lan Hazparneko lantegian. Frantzian eta Portugalen ere lantegi bana du Lauakek, eta, guztira, 1.500 bat beharginek egiten dute lan hiru enpresetan.

Argazkian, Hazparneko eta Azpeitiko ordezkariak.