Iñaki Arratibelek argitu du Mikel Larrañagaren mediku gisa joan zela uztailaren 1eko apustura

Uztarria.eus 2017ko uzt. 13a, 15:38

Medikuak azaldu du Txikon ondoezik sentitu zenean hari laguntzera joan zela "begirune etikoagatik eta apustuan zeuden osasun zerbitzuek hala eskatuta". Txikonek ospitalera eraman bitartean Arratibelen laguntzarik ez zuela jaso salatu zuen, eta Arratibelek zehaztu du mendigoizalea "egonkortuta" zegoenean, Larrañaga laguntzera joateko eskatu ziotela eta hala egin zuela.

Atzo Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak hainbat azalpen eman zuen joan den uztailaren 1ean Azpeitiko zezen plazan Mikel Larrañagak eta Alex Txikonek jokatu zuten apustuaren ostean Txikon mendigoizale lemoarrak egindako adierazpenen harira. Gaurkoan, berriz, Iñaki Arratibel medikuak kaleratu du gutuna sare sozialetan, Txikonek egindako akusazioei erantzuteko.

Arratibelek argitu du hasieran ez zuela adierazpenak egiteko asmorik, baina bere profesionaltasunari eta jarrera etikoari buruz esan direnek "bere familiarengan, lagunengan eta lankideengan izan duten eragina" ikusita erabaki du argibide gutuna kaleratzea.

Bi kirolariek jokatutako desafioa Mikel Larrañagak irabazi zuen uztailaren 1ean, eta Arratibelek zehaztu du Larrañagaren mediku gisa joan zela apustura. "Ekitaldi hartan ez nintzen izan Alex Txikonen medikua, ezta Herri Kirolen Gipuzkoako Federazioak egun horretarako izendatutako medikua ere". Dena den, medikuak dio Txikon ondoezik sentitu zenean laguntzera joan zela "begirune etikoagatik eta apustuan zeuden osasun zerbitzuek hala eskatuta". Txikonek ospitalera eraman bitartean Arratibelen laguntzarik ez zuela jaso salatu zuen, eta Arratibelek zehaztu du mendigoizalea "egonkortuta" zegoenean, Larrañaga laguntzera joateko eskatu ziotela eta hala egin zuela: "Ni Mikelen mediku-aholkularia nintzen egun hartan".

Halere, Arratibelek zehaztu du aldageletatik atera aurretik, Txikonen taldeko kide bati arazoren bat izanez gero "berehala" deitzeko esan ziola. "Ez nuen deirik jaso, eta, horregatik, nire laguntza ez zela beharrezkoa ulertu nuen", azaldu du. Gainera, Arratibelek argitu du Larrañagak proba bukatu zuenean, Txikonen egoeragatik galdetu zuela, eta ordurako osasun etxera eraman zutela esan ziotela.

Medikuak esan du bere asmoa ez dela "eztabaida edo gatazka" sortzea, "ezbaian jarri diren" haren "jokabide etikoa eta profesionaltasuna" defendatzea baizik.