Azpeititik Eibarrera, mutilen futboletik nesken futbolera

Uztarria.eus 2017ko uzt. 14a, 14:20
Unai Urbizu, Xuban Peña eta Josu Larrañaga, Eibarreko nesken elastiko berriarekin.

Xuban Peña eta Josu Larrañaga Eibarko nesken lehenengo futbol taldean arituko dira datorren denboraldian, entrenatzaile eta prestatzaile fisiko lanetan, hurrenez hurren; Espainiako Bigarren Mailan jokatzen du Eibarrek. Unai Urbizu, berriz, klub bereko kadete mailako nesken taldearen gidari izango da. Peña eta Larrañaga Lagun Onak futbol taldean aritu dira hainbat urtez; Urbizu, berriz, Ikasberri futbol taldean. Uztarriaren galderei erantzun diete hiru azpeitiarrek.

Nola jaso zenuten Eibarren deia?

Xuban Peña: Ion Zabaleta koordinatzailearen deia jaso nuen eta sorpresa handia hartu nuen, ez nekielako bera Eibarrera zihoanik. Jada Lagun Onakekin hitz egiten hasia nintzen eta, alde horretatik, ezustekoa izan zen, zer pentsatua eman zidan.

Josu Larrañaga: Xubanek deitu zidan Eibarrera zihoala azaltzen, eta ea berarekin joango nintzen galdetu zidan. Lagun Onakekin hitz egiten hasia nintzen jada, baina Eibarreko notizia jaso eta ez nion buelta gehiegirik eman.

Unai Urbizu: Ni ere ezustean harrapatu ninduen deiak. "Erantzungo dizuet", esan nien, baina esaten ari zitzaizkidanari kasu handirik ez nion egin, harrituta nengoen.

Zalantzarik izan al duzue talde berri batera joateagatik?

U.U.: Hasieran, deitu zidaten momentuan, seguru nengoen ez nintzela joango. Baina gero buruari buelta batzuk eman nizkion eta aukera ona zela pentsatu nuen. 

X.P.: Nik aldaketa bat nahi nuen eman karrera profesionalean. Lau urte eman ditut jubenilak entrenatzen eta talde hori alde batera lagatzeko momentua zela sentitzen nuen. Lagun Onakek beste aukera bat eskaini zidan, eta horrekin ari ginen lanean, nahiz eta lotu gabe egon. Eibarretik deitu zidatenean pentsatu egin behar nuela esan nien, baina barruak aukera hori ez galtzeko esaten zidan.

J.L.: Eibarretik deitzen dizutenean seguru esaten duzu joango zarela, aukera handia delako. Baina baietza eman arteko prozesua luzea izan denez, zalantzak izan nituen. Hala ere, Eibarretik deia jaso orduko hara joateko gogoa izan nuen.

Nesken taldeetara zoazte mutilen taldeak lagata. Zer suposatzen du horrek?

X.P.: Aldaketa. Nahiz eta nesken futbola bilakaera bat izaten ari den, mutilen futbola eta neskena oso desberdinak dira. Guk aldaketa horretara moldatu beharko dugu, gogotsu gaude, gainera. 

Egon al zarete jokalariekin? 

X.P.: Hainbat bilera izan ditugu Eibarreko koordinatzaileekin, eta jokalariekin banaka hitz egiteko aukera ere izan dugu. Informazioa pasatu eta lana nola egiten zuten azaldu ziguten. Guk ere gure lan estiloa azaldu genien, eta sentsazio onarekin gelditu gara.

Zer espero duzue denboraldi berriari begira?

J.L.: Talde nagusiaren helburua, berez, mailaz igotzea da, baina oso zaila izango da. Ligaxka bakoitzetik talde batek bakarrik jokatzen ditu play offak, eta espainiar estatu osotik bi talde bakarrik igotzen dira mailaz. Denboraldia nola hasten den ikusi beharko dugu, eta gero gerokoak. 

U.U.: Hiru talde gara, eta gure helburua Xubanen eta Josuren taldeak egiten duen lanaren prozesuan sartzea da. Ahalik eta partida gehien irabaztea eta neskak gustora aritzea da garrantzitsua. 

Josu eta Xuban, aurreko urtean batera eta aurten ere taldekide.

X.P.: Josuren lanerako estiloa, gogoa eta jakituria asko gustatzen zaizkit. Koordinatzaileak galdetu zidan ea prestatzaile fisikorik ezagutzen nuen, eta burura etorri zitzaidan lehenengo pertsona izan zen Josu. Poz ederra izan zen Eibarrera nirekin etorriko zela esan zidanean.

Mailaz igotzean prestaketa fisikoa ere aldatu egingo da, ezta?

J.L.: Aldaketa handia dago. Neskekin zein mutilekin aritu izan naiz urtetan, kirol desberdinetan, baina behin ere ez naiz nesken talde handi batean aritu. Nahiz eta prestaketa orokorra ez aldatu, jokalarien banakako prestaketa asko aldatuko da. Jokalari bakoitzaren ezaugarriak kontuan izan behar dira 22 pertsonako talde bat gidatzeko.

Noiz ekingo diozue denboraldi-aurreari?

X.P.: Abuztuaren 1ean hasiko gara denboraldi-aurrearekin. Denboraldia irailaren 3an hasiko da, eta denboraldiko lehenengo bi asteak ere denboraldi-aurre bezala egingo ditugu, sei astekoak izaten baitira.

U.U.: Abuztuaren 21ean ekingo diogu denboraldi-aurreari, irailaren 23an hasiko garelako denboraldiarekin.

Mailaz igotzea helburu. Apustu garrantzitsua al da?

X.P.: Ez nuen asko jarraitzen Eibarreko nesken taldea, baina bai apustua egin dutela. Koordinatzaileekin hizketan aritu gara, eta entrenamentuetan bakarrik sekulako aldea dago. Kamisetetan publizitatea jartzea lortu dute, eta sare sozialetan neskei indar handia ari da ematen Eibar. Esperientzia duen jendea sartu da nesken taldeetara, goi mailetan aritu den jendea, seriotasuna eman nahi diotela erakusten du horrek. Mailaz igotzea helburua bada ere, aldaketetatik abiatutako prozesua izango da, eta pixkanaka joan beharko dugu.

Orokorrean, nola ikusten duzue nesken futbola?

U.U.: Asko ari da hobetzen, teknikoki hobetu egin baita. Telebistan ere gero eta partida gehiago ematen dituzte, jendearen interesa pizten ari da.

J.L.: Gero eta indar gehiago hartzen ari da, horren adibide da Alavesek eta Osasunak nesken taldeak atera dituztela. Klub asko ari dira nesken talde berriak ateratzen, edo lehenagotik zeuden taldeak indartzen. Babesleak ere geroz eta gehiago daude. 

Hirurok maila profesional zein pertsonalean elkar ezagutzea lagungarria dela uste al duzue?

U.U.: Eibarren pertsona ezagunak izatea lagungarria da. Zalantzak izanez gero Xubanengana eta Josurengana jotzea askoz errazagoa da. 

J.L.: Uste dut hiruroi hazten lagunduko digula, kontaktuan egongo baikara une oro.