Lolo Encinas izango da ISBren gizonen lehen taldearen entrenatzailea datorren denboraldian

Uztarria.eus 2017ko uzt. 13a, 12:19
Etxabe eta Encinas ISBko kamisetarekin, bufanda eskuetan dutela. (ISB)

Urrezko LEB Ligako taldea gidatuko du entrenatzaile donostiarrak. Laguntzaile izango du Goar Artetxe. Atzo jakinarazi zuen Iraurgik Iker Buenok ez zuela lehen taldea entrenatzen segituko, "lan arazoak tarteko".

Lolo Encinasek (Donostia, 1974) gidatuko du datorren denboraldian Urrezko LEB Ligan ariko den ISBko gizonen lehen taldea. Klubak jakinarazi duenez, Goar Etxabek lagunduko dio Encinasi taldea zuzentzen. Atzo jakinarazi zuen Iraurgik Iker Buenok ez zuela lehen taldea entrenatzen segituko, "lan arazoak tarteko". Halere, jakinarazi dute beste eginkizun batzuk izango dituela azpeitiarrak klubean.

Joan den denboraldian lortu zuen Iraurgiren gizonen lehen taldeak Espainiako saskibaloiko Zilarrezko LEB Ligatik Urrezko LEBera igotzea, Bueno entrenatzaile zela. Ondoren, Zilarrezko LEB mailako entrenatzailerik onena izendatu zuten azpeitiarra. Datorren denboraldian Sammic ISBk Urrezko LEB Ligan jokatuko du.

Lolo Encinasek hartuko du, beraz, Buenoren lekukoa. Baina ISB ez da klub arrotza Encinasentzat. Izan ere, 2003tik 2006 bukaerara Iraurgiko Nazional Ligako taldean eta EBA Mailako taldea entrenatu zituen donostiarrak. Ondoren, Pablo Laso entrenatzailearen laguntzaile aritu zen Bruesa GBCn, eta, ondoren, Lagun Aro GBCn. Eta duela bi urtera arte entrenatzaile laguntzaile gisa aritu zen Gipuzkoa Basket taldean.