Iker Buenok ez du jarraituko Sammic ISBren entrenatzaile karguan

Uztarria.eus 2017ko uzt. 12a, 23:03
Iker Bueno.

Datorren denboraldian Iker Buenok ez du Sammic ISB taldea entrenatuko. Erabakia "lan arazoak tarteko" hartu duela azaldu du Iraurgi SBk.

Espainiako saskibaloiko Urrezko Ligan jokatuko du Iraurgi SBren gizonezkoen lehen taldeak datorren denboraldian. Baina talde hori ez du Iker Bueno entrenatzaile azpeitiarrak gidatuko, "lan arazoak tarteko". Gaur eman du berria Iraurgi SBk sare sozialen bidez. Hala ere, saskibaloi klubari lotuta jarraituko du Buenok, "beste eginkizun batzuk" izango dituela zehaztu dute klubetik.

Pasa den denboraldian, Sammic ISB Iraurgiko gizonezkoen talde nagusiak Espainiako saskibaloiko Zilarrezko LEB ligatik Urrezkora igotzea lortu zuen. Sasoia bukatutakoan, Iker Bueno Zilarrezko LEB mailako entrenatzailerik onena izendatu zuten.

 Datorren denboraldian Sammic ISBk Urrezko LEB ligan jokatuko du.