Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak azaldu du Txikonen adierazpen guztiak "erabat desegokiak" direla

Uztarria.eus 2017ko uzt. 12a, 20:08
Txikon, apustuaren une batean, bere laguntzaileekin. (Ihintza Elustondo)

Federazioak salatu du "guztiz faltsua" dela Alex Txikoni bere laguntzaileek esfortzua errazteko eskaini zizkien edozein produktu edo substantzia hartzea debekatu izana. Txikonen ondoeza proba aurreko prestakuntza ezari leporatu dio federazioak. Erakundearen arabera, herri kirolei mesede kaxkarra egiten dio mendigoizalearen jarrerak.

Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak "atsekabea eta etsipena" agertu du Alex Txikonek joan zen uztailaren 1ean Mikel Larrañagaren aurka jokatu zuen apustuan gertatutakoaren ondoren egindako adierazpenen aurrean. Gainera, hainbat azalpen eman ditu, apustuen legediaren inguruan. Federazioaren arabera, kirolariek "sobera" dakite desafio bat hitzartzean lehiakideak direla probaren antolaketa materialaz arduratzen diren bakarrak: "Federazioak probaren kirol-arloko kontrola baino ez du bere gain hartzen". Gipuzkoako erakundeak azaldu du desafioaren arduradunek epaileak eskatu zizkietela, baina argitu du halako jardunaldietarako araudia ez duela federazioak ezartzen, lehiakideek baizik. "Beraz, epaileen lana honako hau da: lehiakideek adostutako araudia bete dadin ziurtatzea, beti ere egun indarrean dagoen araudia betearaziz".

Federazioko kideek azaldu dute desafioetan parte hartzen duten kirolariek nahi adina laguntzaile, prestatzaile, mediku eta abar eraman ditzaketela apustura, proba kontrolatuko duten federazioko epaileei "aldez aurretik eta behar bezala" adierazi eta gero. "Apustua baino ordu erdi lehenago egindako bileran, federazioko epaileek zenbait momentutan gatazka egon zitekeela aurreikusita, kirolarien laguntzaileei eskatu zieten desafioan laguntzarik jaso ahal izango zuten edo ez zehazteko". Federazioak esan duenez, laguntza ematea erabaki zuten kirolarien ordezkariek, eta, horrenbestez, kirol batetik bestera arropa aldatzerako garaian, lehiakideek janzteko edo eranzteko laguntza jasotzeko aukera zuten. "Bilera hartan adostu zuten –araudietan hitzartuta dago– korrika ari ziren bitartean lehiakideek ez zutela kanpotik zetorren laguntzarik jasoko. Alde bien onespenarekin, kirolarien laguntzaileek izan behar zuten arropak, ura, freskagarriak, bitaminak, osagarriak... emateaz arduratuko zirenak. Beti ere, kirol proba batean onartuta dauden produktuak izanik".

Hori guztia esanda, federazioak salatu du "guztiz faltsua" dela Alex Txikoni bere laguntzaileek esfortzua errazteko eskaini zizkien edozein produktu edo substantzia hartzea debekatu izana. "Federazioko epaile bakar batek ere ez zion debekatu Txikoni languntzaileek emandako produktuak edo substantziak hartzea". Federazioak adierazi du erakundeak kirolariei dopin kontrola egiten dienez, substantzien kontrol zehatza modu bakarrean egin daitekeela; hain zuzen ere, substantzia horiek akreditazioa duten kirolarien laguntzaileek soilik emanda. "Debekatuta dago, beraz, gainerako edozein pertsona kirolariengana hurbiltzea, bai laguntza ematera eta baita edozein sustantzia mota helaraztera", azaldu du Herri Kirolen Gipuzkoako Federazioak. Horregatik guztiagatik jakinarazi du "erabat ezinezkoa" dela pertsona "arrotz" batek legez kanpoko produktu edo substantziaren bat ematea kirolariei.

Alex Txikonen ondoeza proba aurreko prestakuntza ezari leporatu dio federazioak. "Prestakuntza behar bezala egin ez zuelako izan zuen zorabioa, eta beren jarrerarekin kirolaria maila horretaraino ahultzea onartu zuten bere laguntzaileengatik ere bai". Federazioak argitu du epaileek desafioa bertan behera uztea gomendatu zietela laguntzaileei. "Gomendatu besterik ezin zuten egin. Baina mota honetako jardunaldietan adituak dira, eta, ordurako, jada jabetuta zeuden Txikonen egoera fisikoa erabat kaskarra zela".

Txikonek joan den astean argitaratu zuen gutunean aipatzen dituen federazioaren interesen inguruan ere zehaztapena egin du erakundeak, "erabat neutrala" dela esanda. "Herri kiroletako federazioa neutrala da beti. Beraz, guztiz faltsua da erakunde honek, Alex Txikonek modu hain bidegabean adierazita bezala, "ez dakit zer interes" aurrera eraman nahi izatea. Erdi Aroko egoera berak sortu zuen, hedabideetan azaltzen den bezala saihetsak pitzatuta zituela ikusleenganako errespetu falta agerian geratu baitzen".

Txikonen adierazpen guztiak "erabat desegokiak" direla azaldu du federazioak, eta uste du "argi eta garbi" uzten dutela desafioan jasandako porrotaren "atsekabearen ondorioa". Haien aburuz, herri kirolei mesede kaxkarra egiten dio Txikonen jarrerak.