Igerileku ondoko petrila koloreztatu dute udaleku irekietako gaztetxoek

Uztarria.eus 2017ko uzt. 12a, 18:39

Kolorez jantzita ageri da duela egun batzuetatik Loiolabide eta Igerilekua lotzen dituen zubiaren ondoko petrila. Izan ere, herriko udaleku irekietako dozenaka gaztetxo arduratu da hura margotzeaz. Sanjuandegi eta Loiolabide lotuko dituen zubia eraikitzeko lanekin batera, Urola ibaiaren uholde arriskuak txikitzeko lanak abiatu zituen Udalak iazko abenduan. Hala, inguru horretako ibaiko baranda kendu eta pareta egiten aritu dira azken hilabeteak. Orain, udalekuak aprobetxatuta, herriko hainbat gaztetxok kolorea eman diote gris koloreko hormari.