Igandean itxiko da Arkupehotsak egitasmoan izena emateko epea

Uztarria.eus 2017ko uzt. 11a, 18:17
Arkupehotsak proiektuaren aurkezpeneko irudia. (Kulturaz)

Kulturaz.eus atarian egin daiteke izen-ematea. Musikari berriek edo proiektuak garatzen ari direnek har dezakete parte. Urteko bi deialdietan aukeratuko dituzten 20-24 taldeetako bati diskoa grabatu eta 500 ale argitaratuko dizkio Kulturazek.

Igandean, uztailaren 16an, itxiko da musikari berriei plaza eman nahi dien Arkupehotsak egitasmoan parte hartzeko izen-ematea. Oraingoz, musika estilo ezberdinak –flamenko fusioa, indie-folk, blues, triki-pop edo elektronika– lantzen dituzten hogei talde inguruk eman dute izena.

Urtean bi deialdi zabalduko ditu Kuzturaz kooperatibak, Euskal Herriko sortzaileek beren lanak aurkez ditzaten. Deialdi bakoitzean, hamar-hamabi musika talde eta bakarlari aukeratuko dituzte eta horiekin osatuko da ondorengo sei hilabeteetan Arkupean izango diren kontzertuen programazioa. Gainera, urteko bi deialdietan aukeratuko diren 20-24 taldeetako bati diskoa grabatu eta 500 ale argitaratuko dizkio Kulturaz kooperatibak; aukeratutako taldeak disko berria badu, berriz, bitarteko profesionalekin bideoklipa grabatzeko aukera eskainiko diote. Hori ez ezik, Arkupehotsaken parte hartzeko aukeratutako taldeetako batzuek aukera izango dutela Sanagustingo agertoki nagusian talde ezagun baten aurretik jotzeko. 

Interesa dutenek kulturaz.eus atarian egin dezateke izen-ematea.

Taldeen aukeraketa Badok eta Musikazuzenean atari digitaletako lagunekin batera egingo du kulturzek; bi horiez gain, Gaztea irratiak eta Kultura Live Elkarteak ere lagunduko du egitasmoaren hedapenean.