Zezenak bizio, entzierroetan

Urola Kostako Hitza 2017ko uzt. 11a, 15:25
Alex eta Asier Berasategi anaiak, Iruñeko udaletxe plazan. (A. Berasategi)

Iruñeko sanferminetako entzierroak huts egin ezinezko hitzorduak dira Alex eta Asier Berasategi anaientzat. Umetan telebistan ikusten zituzten, eta, orain, Telefonicako zatian egiten dute lasterka.

Entzierroko ibilbide barruan nabarmena da zezenak noiz dauden gero eta gertuago: jendearen buila da seinalea; zenbat eta zarata handiagoa, orduan eta hurbilago zezenak. Iruñeko sanferminetako entzierroan, zezenen aurrean korrika egiteko goizero prest izaten dira Telefonicako zatian Alex (Azpeitia, 1986) eta Asier Berasategi (Azpeitia, 1990). Bi anaien esanetan, "ez dago hitzez azaltzerik" zezenen aurrean lasterka egitean sentitzen dutena. "Entzierroa zarata-mukurua da: jendearen buila, zezenak lauhazka bizian doazela ateratzen duten azazkal eta arnas hotsa... izugarria da! Entzierroa tentsio eta urduritasun handiz bizi dugu, eta ikaragarrizko adrenalina eta emozioa eragiten dizkigu".

Fuente de Ymbro ganadutegiko zezenak izan ziren atzokoan protagonista, eta entzierroa korrituta Azpeitira iritsi berri, artean dutxatzera eta gosaltzera etxera joan gabe zirela, bi gazteak erredakzioan hartu zituen Urola Kostako Hitzak. Bi minutu eta hamazortzi segundo luzatu zen atzokoan entzierroa, eta "azkarra eta garbia" izan zela kontatu du Alex Berasategik, "adarkadarik gabea". Alabaina, egindako lasterketarekin "oso gustura ez" ziren azaldu berasategitarrak. "Ondo joan gara entzierroan, eta zezenaren ondoan korrika egiteko aukera izan dugu, baina jendetza zegoen ibilbidean, eta nahi baino metro gutxiago egin ditugu lasterka. Beti gehiagoren gogoz gu!".

Alex Berasategi Iruñeko sanferminetako entzierroan. (Argazkia: Alex Berasategi)

Zaletasuna, umetatik

Anaia zaharrenak, Alexek, hamalau urte daramatza Iruñeko sanferminetan entzierroak korritzen; gazteak, berriz, bere seigarren urtea du hau. Zaletasunaren jatorriaz galdetuta, aita Iñaki aitatu dute. "Zezenzale amorratua da, eta hark kutsatu digu afizioaren harra. Inoiz ez gara zezenketa zaleak izan, baina sanferminetako entzierroak umetan hutsik egin gabe ikusten genituen, egunero. Aita kamioilaria da ofizioz, eta hura kanpoan bazen, amak esnatzen gintuen. Eskolan jai hartuta, udako oporretan sarri joaten ginen kamioian aitari laguntzera. Azpeititik 05:00etan ateratzen ginen, Sevilla edo Cordobara, eta bidean geldialdia egiten genuen, tabernaren batean gosalduz entzierroa ikusteko. Entzierroa ikusteko amorratzen egoten ginen. Ikusle ginenean, bai, gustatzen zitzaigun entzierroan saltsa pixka bat izatea, baina, orain, ez, orain izan dadila azkarra eta garbia, min hartu gabe ibiltzeko".

Erreportajea osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.