Azpeitiak Gasteizen aurka neurtuko ditu indarrak zapatuan, Euskal Herriko Herriarteko Txapelketaren kanporaketan

Uztarria.eus 2017ko uzt. 11a, 13:02
Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako finaleko irudia. Murgiondo eta Etxaniz, Ilunpeko seniorrak. (Maialen Etxaniz)

17:00etan hasiko dira neurketak. Kanporaketaren itzulerako partidarik izango ez denez, zapatuan bertan erabakiko dira finalerako txartelak. Ilunpek ez du kanporaketara joateko autobusik antolatuko.

Asteburuan hasiko da Euskal Herriko Herriarteko Pilota Txapelketa. Lau herri ariko dira nor baino nor lehian. Azpeitiak Gipuzkoa ordezkatuko du, Gasteizek Araba, Doneztebek Nafarroa eta Usansolok Bizkaia.

Zozketan hala egokituta, Azpeitiko pilotariek Gasteizkoen aurka neurtuko dituzte indarrak, eta Usansolokoek Doneztebekoen aurka jokatuko dute norgehiagoka. Kanporaketa biak Larrabetzuko pilotalekuan jokatuko dituzte larunbatean: 10:30ean izango da Usansoloren eta Donezteberen arteko partida, eta 17:00etan Azpeitiaren eta Gasteizen artekoa.

Finalerako txartela jokoan

Kanporaketa zapatuan bertan erabakiko da; izan ere, ez da itzulerako partidarik izango. Horrenbestez, bi kanporaketetan hiru partida jokatuta nagusitzen diren bi herriek jokatuko dute Euskal Herriko Herriarteko Txapelketaren finala. Finala ere Larrabetzuko frontoian izango da. Uztailaren 21ean, ostiralez, jokatuko dituzte finaleko partidak, 19:00etan hasita.

Ilunpek zehaztu du zein pilotarik jokatuko duten kanporaketa. Aimar Egiguren eta Unai Alberdi ariko dira kadeteetan, Jon Alberdi eta Julen Egiguren jubeniletan eta Markel Etxaniz eta Josu Uzkudun seniorretan. Gainera, larunbat arratsaldeko partidara joateko autobusik ez dute antolatuko Ilunpekoek.

Azpeitiak joan den uztailaren 1ean lortu zuen Euskal Herriko Herriartekorako txartela, Gipuzkoako Herriartekoaren finala aise irabazita; izan ere, Azpeitiak 3 eta 0 hartu zuten mendean Oiartzun.

Duela bi aste irabazitako finalarekin, hirugarren urtez jarraian jantzi zuten Ilunpeko pilotariek Gipuzkoako Herriartekoari dagokion txapela.
Iaz Euskal Herriko Herriarteko Txapelketaren finalera iritsi ziren Ilunpe pilota elkartekoak.  Donezteberen aurka neurtu zituzten indarrak azpeitiarrek, eta 1 eta 2 galdu zuten Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan jokatutako finala.

Orduko hartan ezin izan zioten eutsi azken aldiz aurreko urtean, 2015ean, jantzi zuten Euskal Herriko txapelari. Azpeitiak, orotara, bitan irabazi du Euskal Herriko Herriarteko Txapelketa, eta eskura du hirugarrena.