Urrats bat gehiago Urola Kostako arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko

Uztarria.eus 2017ko uzt. 10a, 15:48
Urola Aitzindariko enpresetako langileen ordezkariak, Elay enpresan. (Kontseilua)

Urola Aitzindari proiektu pilotuaren barruan, euskara plana ezarrita duen Antzuolako Elay enpresara bisita egin dute ekimenean parte hartzen ari diren enpresetako langileen ordezkariek. Tartean dira Azpeitiko San Martin egoitza, Biele eta Astigarraga Kit Line.

Joan den maiatzean aurkeztu zuten euskalgintzako eragileek, Kontseiluak, ELA eta LAB sindikatuek, UKUEk eta hainbat instituzioek Urola Aitzindari, Urola Kostako arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko proiektu pilotua. Bertan parte hartzen ari dira, besteak beste, Azpeitiko San Martin Egoitza, Biele eta Astigarraga Kit Line enpresak. 

Proiektu pilotuak hainbat lan-ildo jorratu nahi ditu lan mundua euskalduntzera bidean, eta ildo horietako bat da langileena. Hala, euskara plana landu duten enpresen esperientzia ezagutzeko, Antzuolako Elay enpresara bisita egin zuten Urola Aitzindari ekimenean parte hartzen ari diren enpresetako langileen hainbat ordezkarik, joan den ostiralean, hilak 7. Elay aitzindaria da enpresan euskara plana ezarri dutenen artean. Izan ere, 1992. urtean abiatu zuten lan hori, eta gaur egun euskaraz lan egiten dute. Ostiralean egindako bisitan, euskaraz lan egitea zer den eta hori lortzeko prozesua nola garatu zuten azaldu zien Elayko ordezkari batek Urola Aitzindariko enpresetako langileen ordezkariei. 

Kontseiluak azaldu duenez, kezka bat agertu zuten ordezkari batek baino gehiagok: Urola Kosta eskualde euskalduna izanik eta askotan enpresa bateko langile ia denak euskaldunak izanda, lana erdaraz egitea. Hau da, nominak edota barne mailako informazioak erdara hutsean egotea eta horiek naturaltasunez hartzea. Horrez gain, enpresetako ordezkariek aipatu zuten lan-mundua ikasleak erdalduntzeko lekua izaten dela, eta horrek ohiturak aldatzera eramaten dituela. 

"Egoera hori irauli" nahi dute proiektuan parte hartzen ari diren langileek. Horretarako, kontzientziazio tailerrak egin dituzte eta ekimena lantzen ari dira, LAB eta ELA sindikatuen laguntzaz. "Langile talde honek, aipatutako sindikatuen laguntzarekin gizarte-erantzukizunez jokatu eta egoera aldatzeko prozesuan murgiltzeko prest daudela adierazi dute argi", esan du Kontseiluak.

Udazkenean hurrengo urratsa egingo du Urola Aitzindari ekimenak. Kontseiluak aurreratu duenez, orduan enpresetako arduradunekin egingo da lanketa eta Euskaragileak enpresa batzordearen aurkezpena egingo zaie, "haiek hartutako bidea har dezaten".