Urtarriletik ekainera 1,5 puntu jaitsi da Azpeitiko langabezia tasa

Uztarria.eus 2017ko uzt. 10a, 13:39

Ekaineko datuen arabera, %8,9 da herriko langabezia tasa. Urola Erdiko batez bestekoa %9,6 da, Gipuzkoakoa %10,3 eta %12,6 Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoa. Azpeitiko Udalak "bide onetik" doala uste du badu ere, "lan handia" du oraindik aurretik. Horregatik, aurrera begira "herriko industria zaintzeko" konpromisoa duela esan du.

Urtea hasi denetik behera egin du Azpeitiko langabeen kopuruak. Hain zuzen ere, urtarrileko langabezia tasa %10,4 izan zen, eta ekainekoa, berriz, %8,9. Horrenbestez, sei hilabetean 1,5 puntu jaitsi da langabeziaren tasa herrian. Azpeitiko langabezia tasa Urola Erdiko batez bestekoaren (%9,6) azpitik dago, eta baita Gipuzkoakoaren (%10,3) eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoaren (%12,6) azpitik ere.

Udalak jakinarazi duenez, erakundearen lehentasuna da lagabeziari aurre egitea, "ekonomia sustatuz eta herritarrek lan mundurako dituzten beharrei erantzuteko ikastaroak eskainiz". Udalaren arabera, "nabarmena" da duela bost urte hasitako ibilbidea emaitzak ematen ari dela. "Ekonomia suspertzeko erronkari duela bost urte heldu genion, eta, ordutik, milioi bat euro inbertitu ditu udalak urtero". Udalak azaldu duenez, jarri dituen baliabideetan bi dira garrantzitsuenak: "Batetik, formazioa, eta, bestetik, Sustapen Ekonomikorako plana".

Udalak lanean jarraituko duela azaldu du, 630 langabetu "gehiegi" direlako eta lan egin nahi duen langabe bakarra ere ezin dutelako onartu. "Horretaz gain, langileen lan baldintzak ere asko hobetu beharra dugu", azaldu du Eneko Etxeberria alkateak.

Azpeitiko Udalak "bide onetik" doala uste du badu ere, "lan handia" du oraindik aurretik. Horregatik, aurrera begira "herriko industria zaintzeko" konpromisoa duela esan du.