Soreasu goraino bete da Jose Mari Orbegozoren areto dantzen ikuskizunean

Uztarria.eus 2017ko uzt. 10a, 01:01

Jose Mari Orbegozo, Amaia Gonzalez eta Dantzaki dantza eskolako ikasleek areto dantzen ikuskizuna eskaini dute gaur, Soreasun. Jendez goraino bete da antzokia, eta eserlekuen faltan, eskaileretan eserita hartu dute lekua dozenaka ikuslek, bi ordu inguruko emanaldiaz gozatzeko.

Orbegozoren Dantzaki eskolako 4 urtetik 70 urtera arteko 280 ikasle inguru igo dira oholtzara, eta Brasilgo, Argentinako, Afrikako, Austriako, Espainiako eta Euskal Herriko hainbat dantza eskaini dituzte. Emanaldiaren bukaeran, Orbegozoren dantza ibilbideagatik eta saloiko dantzak Azpeitian zabaltzeko egiten ari den lanagatik, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak eta Josu Labaka zinegotziak lore-sorta bana eman diete Orbegozori eta Gonzalezi.

Joan den otsailean sei sarirekin itzuli ziren Orbegozo eta Gonzalez Torremolinosen (Malaga, Andaluzia) jokatu zen MueBT Dantza Txapelketatik. Bachata, merengue, salsa, cha-cha-cha zein vals, tango eta pasodoble modalitateetan lehiatu ziren, eta Espainiako eta mundu mailako sariak eskuratu zituzten.

Duela asteburu bat hasi zen aurtengo Azpeitia Dantzan, eta datorrenean bukatuko da, Sahatsa Dantza Taldeko kideek eskainiko duten emanaldiarekin. Iaz ere aretotik kanpo eskaini zuten dantza ikuskizuna Sahatsakoek, eta aurten ere dantza plazara eramatea pentsatu dute. Sindikatu Zaharraren atarian hasiko da emanaldia, 20:00etan. Plaza Txikian pare bat dantza eskainiko dituzte, eta handik plazara mugituko dira, ikuskizunarekin jarraitzeko. Bidasoako, Lapurdiko, Bizkaiko eta Gipuzkoako dantza ezberdinak eskainiko dituztela aurreratu du Unanuek.