Jon Guridik Realaren lehen taldearekin hasi du denboraldi-aurrea

Uztarria.eus 2017ko uzt. 8a, 12:41

Jon Guridi (Azpeitia, 1995) futbolariak Realaren lehen taldearekin hasi dute denboraldi-aurrea. Taldeak atzo egin zuen 2017-2018 denboraldia prestatzeko lehen lansaioa Zubietan, eta Reala Bko jokalariak talde nagusiarekin egin zuen entrenamendua. Zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, lehen taldearekin ariko da azpeitiarra datorren denboraldian, baina klubak oraindik ez du zehaztu zein futbolarik osatuko duten taldea.

Guridiri joan den apirilean egin zioten belauneko ebakuntza, eta orduz geroztik errekuperatzen ari da. Azpeitiarrak 2016ko martxoaren 18an egin zuen Realaren lehen taldearekin debuta Alavesen aurkako derbian, Gasteizko Mendizorrotza futbol zelaian.

Guridirentzat ez ezik, atzo hasi zen denboraldi-aurrea Mikel Labakarentzat ere. Joan zen denboraldian aritutako gisan, Realaren talde teknikoan ariko da azpeitiarra denboraldi honetan ere. Eusebio Sacristan entrenatzailea eta Juan Carlos Andres bigarren entrenatzailea izango ditu ondoan. Labakak 2013an utzi zion futbolean jokatzeari, eta 2014-2015 denboraldiaren hasieran itzuli zen Realera, jubenil mutilen bigarren taldea, Easo, entrenatzera. 2014ko azaroan Reala Bko bigarren entrenatzaile postua hartu zuen, eta iaz lehen taldeko talde teknikoan aritu zen azpeitiarra.

Argazkian, aurreko lerroan eskuinetik bigarrena da Guridi. Labaka, berriz, goiko ilaran eskuinetik zazpigarrena da.